Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Inge Mendioroz eta Idoia Garzes: “Lourdes Iriondo emakume indartsu, koherente, moderna eta askea izan zen, euskal kulturaren transmisioan ezinbesteko erreferentea”
2025·11·07
Inge Mendioroz zuzendaria eta Idoia Garzes gidoigilea dira "Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako" filmaren sortzaileak. Azken urteetan buruturiko lan sakonaren ostean, biak ala biak oso pozik daude azken emaitzarekin eta izaten ari den erantzun bikainarekin. “Zinemaldira aurkeztu genuen, baina ez genuen pentsatzen hartuko zutenik. Hautatua izatea sorpresa eta oparia izan zen guretzat. Eta gero, Zinemira atala irekitzea izugarria. Gainera, oso harrera ona izan zuen, pase guztiak jendez beteta” kontatu du Mendiorozek. Garzesek bere aldetik, nabarmendu du tamaina horretako erakusleiho bat izateak lagundu diela: “gure asmoa Lourdes erakustea eta ezagutzera ematea zen eta horretarako aukera paregabea izan da. Bestela ziurrenik ez genituen horrenbeste elkarrizketa izango”.
Dena den, Donostiakoa bezain garrantzitsua izan zen beraientzat Urnietako hitzordua, izan ere, hasieratik argi izan zuten bere herrian egon behar zutela eta pase berezi bat egin behar zutela, “iruditzen zaigulako Lourdesek berak egin nahiko lukeela zerbait berezia bertan” zehaztu dute. “Lourdesek asko eman zion Urnietari eta herriak lan hori guztia ikustea nahi genuen” azaldu du Garzesek.
Sormen prozesua
Filmak gainera, oso data berezian ikusi du argia, Iriondoren heriotzaren 20. urteurrenean, hain zuzen. Dena den, kointzidentzia hutsa izan dela aitortu du zuzendariak: “Ideia duela 4 urte inguru izan nuen eta azken 3 urteak lanean igaro ditugu. Pixka bat atzeratu da, data horrekin bat egin du eta egia esan oso polita da”. Begirada atzera botata proiektua nola sortu zen galdetuta ondorengoa da Mendiorozen erantzuna: “Mikel Laboa katedrarentzat lan bat egin nuen eta esan zidaten bazutela gogoa Lourdes gogoratzeko zerbait egiteko”. Orduan, Iriondoren gaineko gauzak begiratzen eta ikertzen hasi zen. “Artikulu zaharrak ikusita iritsi nintzen Zeruko Argia-ko “Euskalerriko Eskaleak” artikulura, non kulturgileen lanarentzat errespetua eskatzen duen. Ikastolentzako dirua lortzeko doan egiten zituzten kontzertuak eta berarentzako horrek ez zuen zentzurik. Esaten zuen ezin dela kultura bultzatu kulturgileak zaindu gabe”. Hor konturatu zen Mendioroz sekulako indarra zuen pertsona zela Iriondo.
Lorturiko informazioarekin ideia txiki bat eginda Garzesengana jo zuen Mendiorozek eta elkarrekin zerbait egitea proposatu zion. Ordutik aurrera bien artean gauzatu dute proiektua: “Lourdesen garai bateko irudia errepikatzen da oraindik. Gogoratzen da neska panpox bezala, minifaldarekin ateratzen zena. Eta guretzat Lourdesek bazituen beste mila aurpegi gehiago. Emakume indartsu bat zen, koherentea eta ideiak oso argi zituena. Kantatzeaz gain gauza gehiago egin zituen eta bere helburua beti zen euskal kultura biziberritzea eta transmititzea. Horretarako klabea haurrak ziren berarentzat eta haurrekin egin zuen lan. Guk lan hori guztia erreibindikatu nahi genuen” kontatu dute. Izan ere, Iriondok oholtzak utzi ostean lanean jarraitu zuen eta “bere karrera ez zen une horretan bukatu” azpimarratzen dute.
Benetako irudia
Erakutsi nahi zuten irudi hori zabaltzeko, desabantaila handi bat zuten, ez baitzuten Iriondoren hitzik. Halere, Iriondok bere ibilbideari buruz idatzitako artikulu bat hartu zuten oinarri eta landu nahi zituzten gaiak definitu ondoren, gai bakoitzarenzat elkarrizketatuak hautatu zituzten: ”Familiako gauzentzat Koro iloba; haur eta gazte literaturan Mariasun Landa; Agurtzane Intxaurraga berak egin ziolako 15.urteurrenean omenaldi nazional handi bakarra; Amagoia Mujika kazetaria berak egin zielako Lete eta Iriondori azken elkarrizketa nahiz eta publikatu gabea izan; Kantagintzarako Maite Idirin; eta dokumentalaren bigarrean fasean Patxika Erramuzpe. Material hori guztia ondo josi genuen gero”.
Prozesu horretan guztian Iriondoren gainean deskubritu dituzten gauzetatik arreta gehien zerk deitu dien edo zer ikasi duten galdeginda, hauxe kontatu dute: ”emakume indartsu, koherente, moderna eta askea izan zela, euskal kulturaren transmisioan ezinbesteko erreferentea. Ez zuen beldurrik eta ahoan legarrik gabe idazten zuen. Bidea ireki zuen eta ispilu bat da”.
Filmak hasi berri duen bideak zein helmuga izatea nahi duten galdetuta, azaldu dute besterik gabe “Lourdesen lan guztia azaleratzen jarraitzea, eta erakustea ez dela emakume gazte hura soilik”. Horretarako aukera izango da zinemetan azaroaren erditik aurrera. Halaber, beste zenbait hitzordu lotuta dituztela aurreratu dute: “Zinegin festibalean izango gara Hazparnen, hainbat hiriburu ere lotuta ditugu eta herriz herri ere bidea egingo duela uste dugu”.

