Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Zaintza Mahaiaren bigarren saioa
2025·10·09
Urnietak Zaintza Mahaia eratu zuen ekainean eremu ireki eta parte-hartzaile bat sortzeko asmoz, udalerriak zaintza-arloan izan behar duen bilakaera elkarrekin erabakitzeko.
Mahaia sortzea beste mugarri bat da Zaintza Ekosistema propioa garatzeko jarraitzen ari den prozesuaren barruan. Nabarmendu behar da mahaia biztanleriaren sektore zabala ordezkatzen duten pertsonek osatzen dutela: elkarteetako ordezkariak, gizarte-eragileak, zaintzaileak, laguntzak behar dituzten pertsonak, merkatariak, zaintzak ematen dituzten profesionalak, osasun-zentroko profesionalak, gizarte-zerbitzuetako eta berdintasuneko udal-profesionalak eta gizarte-zerbitzuen ordezkari politikoa.
Urriaren 6an, aldizka bilduko den Zaintza Mahaiaren bigarren saioa egin zen, eta berriro ere erantzun bikaina izan zuen.
Bileran hainbat gai jorratu ziren. Alde batetik, zaintzari buruzko ideiak, bizipenak eta hausnarketak partekatzeko espazio irekiak sortzeko aukera. Bestalde, bakardade ahuleko egoeran dauden pertsonak identifikatzeko sistema bat diseinatu eta ezartzeko beharra, bizilaguneekin eta tokiko merkatariekin lankidetzan. Era berean, udalerrian egokitutako garraioaren egoera aztertzea eta dauden hiri-oztopoak hautematea proposatu zen, kaleen, eraikinen eta zerbitzuen irisgarritasuna hobetzen saiatzeko.
Saio irekia azaroan
Azaroan, herritar guztientzat irekita egongo den saio bat egingo da. Zainketen ekosistemaren gaian hasieratik egindako prozesua eta edukiak azalduko dira bertan. Era berean, Zaintza Mahaia aurkezteko eta Zaintza Planean lehenetsitako ekintzak azaltzeko ere baliatuko da hitzordua.
Laster iragarriko dira saioaren eguna, ordua eta lekua.







