Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Bueltan da 0-6 urte bitarteko haurren artean irakurzaletasuna bultzatzeko programa
2025·10·08
Herriko txikienen artean irakurzaletasuna bultzatzeko xedez "Liburu baby kluba" eta “Liburu txiki kluba” ekimenak batzen dituen programa bat jarri zuen abian aurreko urtean Urnietako Udaleko Kultura sailak Bookstart Euskadi Gipuzkoarekin eta Mestiza Elkarte Artistiko Soziokulturalarekin elkarlanean.
Erantzun bikaina izan zuela ikusita, ikasturte honetan programari jarraipena ematea erabaki du saio berriak antolatuz. Liburua ardatz izanda literatura, musika, artea eta naturaren gaineko interesa pizteko ere balioko dute 45 minutu inguruko iraupena izango duten saioek.
Liburu baby kluba
"Liburu baby kluba" 0 eta 3 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago. Haurrek heldu baten laguntzarekin joan beharko dute saioetara, eta hura ere jardueraren partaide izango da, funtsezkoa baita gurasoek edo tutoreek ere prozesuan parte hartzea, bertan hasitako bideak etxean jarraipena izan dezan.
Saioak Lekaio kultur etxeko areto nagusian garatuko dira eta gehieneko edukiera 20 familiakoa izango da.
- Urriak 15, 17:00
- Urriak 29, 17:00
- Azaroak 12, 17:00
- Azaroak 26, 17:00
- Abenduak 10, 17:00
Liburu txiki kluba
“Liburu txiki kluba”-ren dinamika berdina izango, baina kasu honetan, 4-6 urte arteko haurrei zuzenduta dago. Hemen helduen parte hartzea hautazkoa izango da.
Saioak liburutegian izango dira.
- Urriak 22, 17:00
- Azaroak 19, 17:00
- Abenduak 3, 17:00
Liburu sorta opari
Bestalde, ekimen honi lotuta, 2022an, 2023an, 2024ean eta 2025ean jaiotako haurren familiei doako liburu sorta bat banatuko zaie liburutegian. Urriaren 20tik aurrera joan ahalko da liburuak jasotzera.

