Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Urnietako hiru sagardotegiek, badute Euskal Sagardoa jatorri-deituradun sagardoa
2025·07·03
Orain arte Urnietako Eula eta Oianume sagardotegiek euren eskaintzaren artean Euskal Sagardoa jatorri-deituradun sagardoa eskaintzen bazuten, hemendik aurrera, Urnietako hirugarren sagardotegiak ere, Altunak, eskainiko du Euskal Sagardoa jatorri-deituradun sagardoa. Asteazkenean egin zen hain zuzen ere aurkezpena.
Euskal Sardoa jatorri-deitura
Euskal Sagardoa Jatorri Deitura gaur egungo eta etorkizunerako proiektu bat da, Euskadiko Sagargile eta Sagardogile sektoreek gidatua eta erakunde desberdinek babestua. Sagar eta sagardo sektoreari oinarri sendoak jartzea du lehen helburu, baina horrez gain, kontsumitzaileari bertakoa eta kalitatekoa den produktuaren gaineko bermeak eskaintzea ere bai. Izan ere bi oinarriren gainean eraiki da Jatorri Deitura: bertako sagarra eta kalitatea.
Bertako sagarra: Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak bertako 106 sagar mota ditu onartuak, nagusiak hauetako 24 badira ere. Euskal Herriko sagardogintzak duen altxorretako bat dira gure sagar motak, menderik mende gure baserri eta sagastietan hobetzen joan direnak, ahalik eta sagardorik onena egiteko helburuz. Euskal Herrian sortu eta garatutako sagar motak dira, hemengo baldintzetara oso ondo egokituak eta gure Euskal Sagardoak eskatzen dituen baldintzak biltzeko egokiak.
Kalitatea: kalitate berme guztiak eskaintzen ditu Euskal Sagardoak, sagastitik botilaraino kontrol zorrotzak ezarrita. Euskal Sagardoek botilaratu aurretik analisi fisiko kimiko eta organoleptikoak pasa beharko dituzte Fraisoro laborategian. Prozesu guztiaren kontrola HAZI Fundazioak egiten du.
Euskal Sagardoaren historia eta bilakaera
Sagardoa Euskal Herriko edaria izan da ehundaka urteetan. Idatzi eta erreferentzia zaharrenek, bertako edari garrantzitsua izan dela adierazten dute urte luzetan ezinbestekoa elikaduran. Eta hala azaltzen dute bertako 1.800 sagar mota desberdinek ere.
XV-XVI. mendeetan izugarrizko gorakada izan zuen gainera sagardoaren kontsumoak, Euskal Herria herri industriala zelako eta jende multzo horrek sagardoa edaten zuelako. Hortik sortu ziren Tolare Baserriak, sagardoa egiteko industria erraldoiak zirenak garai hartarako. Zenbaitek diotenez, 1.000tik gora zeuden Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Iparralde eta Nafarroan. Gaur egun, lehenengo eraiki zituzten Tolare-baserri haien adibide bat geratzen da: Ezkio-Itxasoko Igartubeiti baserria.
Besteak beste, marinelen edaria ere izan da sagardoa itsasaldi luzeetan, eta sagardoa eramateko ohitura zutenez, eskorbutorik ez zuten izaten euskal marinelek.
Sagardoak beherakada izugarria izan zuen gerra ostean eta 50-60 hamarkadatan, jendea baserriak uzten joan zelako. Ondoren, zenbait sagardogilek berriz lanari heldu eta oraindik indarrean dagoen susperraldia eragin zuten.
Euskal Sagardoa jatorri-deiturak badu helburu bat: garai batean gertatzen zen moduan, berriz ere bertako sagarra izatea euskal sagardogintzaren ardatza.
Botilaratutako sagardoa
Berez, sagardotegi garaia amaitu bada ere, ez dugu ahaztu behar gure sagardo ekoizleek, Altuna, Eula eta Oianumek lanean gogor dihardutela kupelean gordeta duten sagardo bikaina botilaratzen eta nahiz eta Oianume kenduta orain ezin dugun bertan mokadu goxorik dastatu, urte guztian zehar zabalik dituzte hiru sagardotegien euren ateak botelaratutako sagardoa saltzeko