Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Hasi da Egapeko DBH-ko eraikin berria eraikitzeko obra
2025·07·03
Gaur goizean eman zaio hasiera Egapeko DBH-ko eraikin berriaren obrari zuinketa-aktarekin. Zuinketa-aktak lanen hasiera ofiziala erregistratzen du.
Urte askotako lanaren eta itxaronaldiaren ondoren, desiratutako unea iritsi da, eta abiatu dira lanak. Beraz, errealitate bihurtuko da Urnietako nerabeek kalitatezko hezkuntza-instalazioak izatea bermatuko duen gune eguneratu eta modernoa.
Lurrak lortu, proiektua gauzatu, aurrekontua onartu, obra esleitu eta obra egiteko lizentzia onartu ondoren, prozesu burokratikoak obra-faseari bide eman dio, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren arabera, fase horrek 24 hilabete inguruko iraupena izango du.
10 miliotik gora
Eraikin berria eraikitzeko 10 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo du Eusko Jaurlaritzak, eta horrela, Egapek Eskola Campusa izango du, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako eraikinak espazio berean egongo baitira. Eraikin berriarekin, ikasle zein irakasleek instalazio modernoak izango dituzte, beren beharrei erantzungo dietenak.
Antolaketa
Eraikin berriaren egituraketa eta antolaketari dagokionean, proiektua onarturikoan azaldu zen moduan, institutuko administrazio eta zuzendaritza gunea (idazkaritza, zuzendaritza-bulegoak, bilera gelak, irakasle gela), eta gela komunak (informatika gela, zientzia-laborategia, plastika gela eta zereginen ikasketa gela) hartuko ditu beheko solairuak.
Erdisotoko solairuan egongo dira erabilera anitzeko gela, musika/ikus-entzunezko/irrati gela, jantokia, zerbitzu orokorrak eta instalazioen gelak. Azkenik, lehenengo solairuan DBHko gela arruntak, teknologia gela eta pedagogia terapeutikoko eta orientazioko gelak egongo dira.
Udalak eskerrak eta zorionak eman nahi dizkie urte hauetan guztietan egun hau iristeko lan egin duten pertsona guztiei, eta herritarrei jakinarazi nahi die lanean jarraituko duela obra normaltasunez eta ahalik eta lasterren egin dadin.