Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Urnietako lehen Zaintza Mahaia eratu da, ordezkaritza zabalarekin
2025·06·20
Urnietak zaintza ekosistema propio baten garapenean aurrera jarraitzen du, gure herriko behar eta errealitate zehatzetara egokituko dena. Gauzatzen ari den prozesuaren barruan, urrats esanguratsua eman da, udalerriko lehen Zaintza Mahaia eratu baita.
Mahaiaren lehen saioa ekainaren 11n izan zen, kiroldegiko erabilera anitzeko aretoan. Herriko hainbat eragilek parte hartu zuten, arlo horrek urnietarrentzat duen garrantziaren eta ekarpenak egiteko duten gogoaren adierazle.
Helburuak eta egindako bidea
Urnietako Udalak pertsonen ongizate integrala bere politiken erdigunean jartzen duen proiektu honen aldeko apustua egin zuen, zaintza eredu pertsonalizatuago, hurbilago eta komunitatearekin konektatuago baterantz aurrera egiteko helburuarekin. Horretarako, elkarlaneko azterlan sakon eta partekatu bat egin zen Matia Institutuaren eta Zabalduz Kooperatibaren aholkularitzarekin, urnietarren eta gaian inplikatutako eragile guztien (zainketak behar dituzten pertsonak, zaintzaileak, tokiko eragileak, erakunde publikoak) partaidetzarekin.
Etxeetara banatu zen galdetegi ireki bat planteatzeaz gain, banakako eta taldeko elkarrizketak egin ziren udalerriaren espektro zabal batekin, eta, amaitzeko, herritar guztientzat bideraturiko bi saio ireki antolatu ziren, zaintzaz hitz egiteko eta herritarrek gaiaren inguruan egin zituzten ekarpen guztiak jasotzeko. Horrekin guztiarekin, Urnietako zainketei buruzko diagnostikoa garatu zen.
Hurrengo urratsak
Egindako diagnostikoa eta jasotako ekarpenak oinarritzat hartuta, aurten, ekintza-plan bat egin da, Zainketa Planari forma eta edukia emango diona, eta komunitatearekin adostuko da.
Era berean, Zaintza Mahaia eratu berri denez, espazio ireki eta parte hartzaile bat sortu da, zainketen esparru komun bat sortzen hasteko, gure ekosistemak izango dituen printzipioak eta balioak definituz.
Uda ostean, mahaiaren bigarren saioa egingo da, eta urte amaieran komunitate osoari irekitako saio bat planteatuko da, zainketei buruz hitz egiten jarraitzeko.