Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Eskolako Agenda 2030eko ikastetxeetako ordezkariak udal foroan aurkeztu dute egindako lana
2025·06·05
Eskolako Agenda 2030 programan parte hartzen duten ikasle taldeak buru belarri aritu dira lanean ikasturtean zehar. Kultura aniztasuna izan da aztertu duten gaia. Ikastetxeetan lanketa egin ostean, lanak bateratze aldera, maiatzaren 22an Eskolen arteko Foroan bildu ziren 4 ikastetxeetako ordezkariak.
Bertatik ateratako ondorioak batu, eta hobekuntzarako proposamen batzuk prestatu dituzte. Era berean, konpromisoak hartu dituzte. Emaitza horiekin guztiekin, ikastetxeetako ordezkariak udaletxean bildu dira gaur goizean eta egindako lana partekatu dute udal ordezkariekin, hainbat proposamen luzatuz.
Lan sakona
Lehen Hezkuntzako gaztetxoenek gaiaren inguruan lan sakona burutu dute ikasturtean zehar. Hausnartu, aurre ezagutzak partekatu eta horma-irudiak burutu dituzte. Pare bat datu bilketa ere egin dituzte Lehen Hezkuntzako ikasleek. Batetik, ikastetxeko familien jatorria eta hizkuntzak ezagutze aldera; eta bestetik, gure herriko aniztasuna zenbateraino ezagutzen dugun eta nola jokatzen dugun horren aurrean ezagutzeko.
Bigarren Hezkuntzan aldiz, motibaziorako hainbat ariketa burutu ostean, hala nola, bideoak ikusi edo aurkezpenak burutu, galdetegi batzuk ere pasa zituzten ikaskideen artean. Honekin ikastetxeko kultura aniztasunaren inguruko argazki bat lortzeaz gain, Ama hizkuntzen Nazioarteko egunaren ospakizuna burutu zuten.
Urnietako jatorri eta hizkuntza desberdinak ere aztertu ziren, baina beti ere euskal kultura albo batera utzi gabe. Honen inguruan ikasturtean zehar hainbat formakuntza saio jaso ostean, euskararen eragile bihurtu dira ikasleetariko batzuk. Eta, besteak beste, ikasturte amaierarako ekintza soziala prestatu zuten gainontzeko ikaskide guztientzat, euskal kultura eta Herria hobeto ezagutarazteko intentzioarekin.

