Aplikazio habiaratuak
Albisteak
2024·06·04
Urnietako Udalak gidabaimena euskaraz ateratzera animatu nahi ditu uda honetan jarduera hori gauzatzeko asmoa dute urnietarrak,
Buruntzaldeko Udalak (Urnieta, Andoain, Astigarraga, Lasarte-Oria eta Usurbil) 2010etik ari dira euskararentzat hain arrotza izan den arlo honetan euskararen erabilera sustatzen, eta horretan jarraitzen dute.
Aurten gainera, gidabaimena euskaraz ateratzeko material berria argitaratu da, Euskadiko Autoeskolen Federakuntzak Gidabaimenak euskaraz egitasmoa jarri baitu martxan, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.
Atal teorikoa euskaraz
Gidabaimena euskaraz egitasmoak gidabaimenaren alde teorikoa euskaraz prestatu eta egiteko aukera emango du, eskuliburuak euskara hutsean eskuratuko baitira eta azterketak euskaraz egiteko aukera ere izango da.
Euskarazko eskuliburuak eskuratzeko edo deskargatzeko, proiektuarekin bat egin duen autoeskolaren batean izena emanda egon beharko du ikasleak. Ikasleak berak aukeratzen duen autoeskolak emango dio sarbiderako erabiltzailea eta pasahitza. Urnietan Solozabal autoeskolak ematen du horretarako aukera.
Saria
Urtero bezala, gidabaimenaren azterketa euskaraz egin eta gainditzen duten ikasleen artean 400 euro inguruko sariak zozkatuko dituzte Buruntzaldeko udalek, udalerri bakoitzean dagoen autoeskola kopurua erreferentziatzat hartuta. Beraz, Urnietan bat.
Ekainaren 14an zozketatuko dira 2023ko sariak Usurbilen, urte horretan gidabaimena euskaraz atera zutenen artean.
Urnietako Udalak aurreiritziak baztertzera, inertziak haustera eta gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz prestatzera animatu nahi ditu urnietarrak.