Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Urnietak sagardotegi denboraldiari hasiera eman dio Ignacio Tancoren eskutik
2025·01·22
Urnietak sagardotegi denboraldiari hasiera eman dio 'Txotx'-aren ospakizunarekin. Oianume sagardotegian gauzatu da ekitaldia, baina herriko gainerako sagardotegiek ere parte hartu dute, Eulak eta Altunak, hain zuzen. Udalak hiru sagardotegiekin elkarlanean antolaturiko ekimen hau Urnietako ondare kultural eta gastronomikoa sustatzeko diseinatu da, bisitariei txotxaren plazerraz gozatzeko aukera eskainiz, plater tradizionalekin batera eta ingurune paregabe batean.
Jorge Segurado Urnietako alkatea izan da saioa bideratu duena eta nabarmendu nahi izan du Udala azken urteetan naturarekin loturiko turismo arduratsuaren eta bertako produktuen sustapenaren alde egiten ari den lana, baita bide horretan aurrera egiteko duen konpromisoa ere: “sagardoa Urnietako ondare gastronomiko eta kulturalaren parte da eta bultzatzen jarraituko dugu. Urnietan kalitate handiko hiru sagardotegi ditugu eta ziur nago hona etortzen denak esperientzia ahaztezin bat bizituko duela. Etxean bezala tratatuko dituzte eta bertako produktuak dastatzeko aukera izango dute. Gainera, interesa duenak, sagardotegiko esperientzia zabalduta, asteburua pasatzera etorri eta herria ezagutzeko eta bertako ingurune natural paregabeaz gozatzeko aukera baliatu dezake”.
Halaber, esker oneko hitzak izan ditu Seguradok ekialdian parte hartu duten pertsona guztientzat, eta bereziki, enbaxadore lanak egin dituen eta sagardo denboraldiari hasiera emateko ardura izan duen Ignacio Tancorentzat: “Europako Espazio Agentzian lan egiten duen urnietarra da Tanco, misio oso garrantzitsuen ardura izan du eta guretzat ohore handi bat da gaurkoan gurekin izatea. Gainera kontuan hartu behar da Alemanian bizi dela eta ahalegin berezia burutu duela hemen izateko”.
Tanco izan da sagardo denboraldiari hasiera emateko ardura izan duena eta eskertuta agertu da bere herrian bertan horrelako ekitaldi batean parte hartzeko eskaini dioten aukeragatik.
Alkateak bestalde, gerturatzen den jendeak esperientzia modu arduratsuan gozatzea espero duela adierazi du: “denboraldia giro onean garatzea nahi dugu, esperientzia atseginekin eta bizikidetza egoki batekin”. Zentzu horretan, sagardoa neurriz edatea gomendatu du.
Oianume Sagardotegiko Patxi Iribarrek bere aldetik, aurtengo uztaren gaineko azalpenak eskaini ditu: “Urnietan guztira 171.150 litro ekoiztu ditugu bertan gauden hiru sagardogileon artean; horietatik 86.000 litro Euskal Sagardoa. Hau ekoizteko 125.000 kg sagar erabili dira Euskal Sagardoaren barruan”. Uzta horrekin osaturiko sagardoaren gainean berriz, ondorengoa adierazi du: “Uzta txikia izan da kopurua, baina izaera handikoa. Beraz, kolore eta gorputz gehiagokoak izango dira orokorrean, luzera bilakaera oso ona izango duten sagardoak gehienak”.
Nora Beltran de Otalora Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Sustapenerako zuzendariak sagardotegi denboraldi bikain batez gozatzeko aukera aipatu du eta historiaz betetako sagardotegi interesgarriak deskubritzera animatu ditu herritarrak.
Xabier Arrutik, Lurralde Oreka Berdeko diputatuak berriz, sagardoaren sektorea babestearen eta bultzatzearen garrantzia azpimarratu du, gure produktuen kalitatea eta sagar espezie autoktonoen laborantza bermatzeko. “Hain geurea dugun tradizio eta produktu hau zaintzen lan egin behar dugu, gure lurra eta gure ekoizleak zainduz”.
Olatz Mitxelena Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko koordinatzaileak sagardotegi denboraldiaren garrantzia, sagardotegiek bisitari gehien jasotzen duten garaia, azpimarratu nahi izan du, eta era berean, sektorearen berrikuntza eta apustu berrien gaineko informazioa eman du.
Esaterako, Sagardotegiaz gozatzeko hainbat bide eta modu daudela gogorarazi du, “otorduez aparte hainbat ekintza egiteko aukera dago”. Hainbat sagardotegitan BISITA MOTZA edo DASTATZE GIDATUA egiteko aukera izango da otorduaren aurretik: lagunartean, taldean… euskal sagardoaz beste modu batera gozatzeko aukera ezin hobea da.
Sagardotegien bilatzailearen aurrerapausoa ere azaldu du. “Gure beharren araberako bilaketa egiten laguntzen digu sagardoa.eus webguneak”. Sagardotegian automatikoki mahaia erreserbatzeko aukera ere ematen du: “sagardotegia aukeratu, mahaikide kopurua jarri, aurrerapena ordaindu eta klik batean mahaia erreserbatuta gelditzen da, oso erraza da”. Aurten, sagardotegi gehiago automatikoki erreserbatzeko aukera izango da.
Azkenik, kontatu du Euskal sagardoen online denda martxan dagoela: “Horrela, bezeroek sagardo desberdinak konbinatzeko aukera dute, eta eskaturikoa etxean jasoko dute”.
Eskaintza horren barruan daude Urnietako sagardotegiek ekoitzitako botilak ere. Horiek urte osoan zehar eskura daude, baina orain, sagardotegiek txotxaren bidez eskaintzen duten esperientzia bizitzeko unea da. Izan ere, sagardotegira bertara joatea eta sagardotegiak diren topaleku sozial eta gastronomiaz gozatzeak, esperientzia askoz biribilagoa bizitzeko aukera eskaintzen du.
Urnietako Udalak herritarrak eta bisitariak gonbidatzen ditu Urnietaz eta sagardo garaiaz gozatzera, eta sagardotegi ondarearen aberastasuna deskubritzera.

















