Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Urnietako udalaren logotipoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Barruko horrien irudia

Aplikazio habiaratuak

Albisteak

Atzealdea Odola ematea, pertsona askori lagun diezaiokeen keinu txiki bezain garrantzitsua

.

2025·01·17


40 urte igaro dira Odol Emaileen Elkarteko Urnietako ordezkaritza martxan jarri zenetik. Hastapenetik gaurdaino dihardute boluntario moduan Izaskun Minerrek eta Manoli Sorondok, hain beharrezkoa den zeregin horretan ekarpen bikaina eginez.

Balorazio positiboa egiten dute biek buruturiko ibilbideaz, “gustura egiten dugu” aitortzen dute, eta gainera, “jendeak ere eskertzen du egiten duguna”. Begirada atzera botata, ondo gogoan dute nola eman ziren lehen pausoak: “Garai hartan Martiarena zegoen alkate eta Isidro Fernandez zen zinegotzietako bat. Biak ziren odol emaileak. Gainera, Manolik orduko presidentea ezagutzen zuen” kontatu du Minerrek. “Mikel Urreta zen presidentea gaineratu du Sorondok, eta “Urnietan ere zerbait moldatu behar genuela esan zidan”, izan ere, garai hartan beste herri askotan bezala ez zegoen odola emateko aukerarik udalerrian bertan.

Gauzak horrela, bilera bat deitu zen eta “gu Udalaren bidez joan ginen. Taldea sortzera animatu gintuzten udalaren babesa izango genuela esanez. Bokadiloak eta ardo ona jartzeko esan ziguten hasieratik, udalak ordainduko zituela eta asko lagundu digute urte hauetan guztietan” azaldu dute. Javier Lopez jarri zen delegatu moduan eta Pilar Iriondo eta Gloria Etxaniz ere taldean zeuden lehen momentu hartan. Denborarekin utzi egin zuten eta biak izan dira jarraitu dutenak, tartean beste batzuen laguntzarekin.

Funtzionamendua asko aldatu dela adierazten dute, orduko baliabideak bestelakoak baitziren: “Pilar ikastolan idazkaria zenez, irakasleekin hitz egiten zuen umeekin kartelak egiteko, eta kartel horiek ziren jartzen genituenak. Abisuak ere eskuz egiten ziren nagusiki eta baita telefonoz ere. Orain dena errazagoa da”. 

Lekua ere aldatu egin da. Urte askotan jubilatuen egoitzan egiten ziren odol emate saioak eta orain berriz, Gaztelekuan izaten dira hitzorduak bi hilabetean behin: “oso gustura gaude Gaztelekuan, leku aproposa da. Sukaldea ere bertan dugu bokadiloak prestatzeko eta primeran moldatzen gara. Goiko solairuan erizaina eta medikua egoten dira eta behean egiten dira odol ateratzeak”. 

Bokadiloak duten famaz galdetuta aitortzen dute jendeak gustura jaten dituela: “xolomoa eta tortilla egiten ditugu momentuan bertan, produktu onarekin. Kafea ere jartzen dugu. Taberna moduko bat daukagu kar, kar, kar. Egun batean, odol emaile bati galdetu genion ea zein bokadilo nahi zuen, eta lehenik bat eta gero bestea esan zigun kar, kar, kar”. Sorondo da sukaldean aritzen dena eta Miner bere aldetik, produktuak eramateaz arduratzen da. Santiaga eta Maria Eugeniaren laguntza ere badutela azpimarratzen dute.

Eskuzabaltasuna

Odola ematea keinu txiki bat da, baina pertsona askori lagun diezaiokeena: “Odola ezin da fabrikatu eta ezin da erosi. Norberaren baitatik atera beharreko ekintza eskuzabala da. Gero eta gaixotasun gehiagori aurre egiteko erabiltzen da eta oso garrantzitsua da laguntzea” diote. Zentzu horretan adibide bat ekarri dute gogora: “Bilera batean presidenteak esan zigun, bazela pertsona bat operatzeko eguna jarria zuena, baina behar zuen odol mota ez zegoenez, atzeratu egin behar izan omen zuten. Pertsona hark esan omen zuen nola zen hori posible, eta berari galdetu ziotenean ea berak odola ematen zuen, ezetz. Besteengan pentsatu eta eskuzabaltasunez jokatu beharra dago”. Orain gainera, Euskadiko odol-erreserbak minimoetan daude.

Urnietan dagoen mugimenduaren gainean galdeginda kontatzen dute 40 pertsona inguru joaten direla hitzordu bakoitzera, baina azpimarratzen dute inoiz ez dela nahikoa. Zentzu horretan, oraindik pausoa eman ez dutenak probatzera animatzen dituzte, eta txantxetan diote amaieran bokadilo goxoa jando dutela.

Odola eman dezaketen pertsonek bete beharreko baldintzei dagokienez, batez ere, 18-65 urte bitarteko pertsonak izan behar dutela azaldu dute, gutxienez 50 kilo pisatzen dutenak. Gainera, zehazten dute, analisi sakonak egiten direnez, gaixotasunak hautemateko ere balio duela. Izan omen da kasurik odola ematera joan den persona bati ezagutzen ez zuen gaixotasunen bat jakinarazi diotena. Komunikazio horiek modu pribatuan egiten dira.

Urnietako odol emaileen perfilera etorrita, oro har, 40-50 urteko pertsonak gerturatzen omen dira, normalean berdinak eta gehienbat gizonezkoak, izan ere, “emakumeek hilekoa, haurdunaldiak eta beste gauza batzuk direla zailagoa izaten dute”.

Eskertza

Bestalde, jendearen prestutasuna eskertzeko, modu jarraian etortzen direnei aitortza egiten zaiela adierazi dute. Oroigarriak ematen zaizkie odol emate kopuru jakin bat egiten dutenean, eta horien artean Manuel Mayoz nabarmendu behar dela diote, 156 aldiz eman baitu odola, zifra ikaragarria.

Bolondres lanean arituriko urteen errepasoa egin ostean, eta etorkizunari buruz galdetuta, Sorondok dio 80 urterekin ziklo hau amaitutzat emateko momentua iritsi zaiola: “nik uste dut erretiratu egin behar dudala eta komodin moduan geratu, egun konkreturen batean beharra izanez gero, laguntzeko prest egonez”. Minerrek aldiz, oraindik ahal duen bitartean lanean jarraitzeko borondatea du. 
 

Banner-a

Youtube osoko bilkura

Jarrai gaitzazu Youtuben

Banner Informazio guztia eskura klik batean

INFORMAZIO
GUZTIA ESKURA
KLIK BATEAN

  Twitter   Facebook   YouTube

Banner Berrittu

AGENDA KULTURALA

AGENDA