Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Birziklatze arduratsua sustatzeko kanpaina
2024·11·29
Urnietako Udala lanean ari da Urnieta gero eta herri berdeagoa, jasangarriagoa eta ingurumenarekiko begirunetsuagoa izan dadin.
Horretarako, ezinbestekoa da kontsumo arduratsua egitea ahalik eta hondakin gutxien sortzeko. Baita, birziklatze egokia gauzatzea ere, hondakin bakoitza adierazitako edukiontzian eta dagokion moduan utzita.
Helburu horrekin, eta herriko bizilagunak hondakinen kudeaketa egoki baten garrantziaz kontzientziatzen jarraitzeko, Udalak gida bat prestatu du hondakinen funtzionamendu egokiari lagunduko dioten hainbat aholku eta gomendiorekin.
Herriko etxe guztietan banatu den gidak herritarrek eskura dituzten edukiontziak zehazten ditu. Halaber, adierazten da horietako bakoitzean zer bota behar den, haien kokapenak, irekiera-egunak eta hainbat aholku baliagarri.
Gaikako bilketaren tasa %71,3koa izan zen 2023an
Urnietako birziklatzearen egoerari dagokionez, 2023ko kudeaketa osoaren gaikako bilketaren tasaren urteko batez bestekoa %71,3 izan zen. Tasak nabarmen egin du gora 2017an hondakinak biltzeko sistema berria ezarri zenetik, organikoaren eta errefusaren edukiontziak irekitzeko txartel elektronikoa instalatuz, eta edukiontzi grisaren irekiera asteazkenetara eta igandeetara mugatuz.
Horri eta herritarren esfortzuari esker, Urnietako zenbakiak nahiko onak dira, baina ez gara konformatu behar, eta bilketa-tasak hobetzen eta aurrera egiten saiatu behar dugu, gure ingurunea zaintzen laguntzeko. Beraz, Udalak konpromisoa eta inplikazioa eskatzen die herritarrei planeta eta haren baliabideak zaintzeko hain garrantzitsua den gai honetan. Horretarako, gida etxeetan gordetzea gomendatzen da, eskura izateko eta edozein zalantza sortzen denean kontsultatu ahal izateko.
Herritarren bati gida iritsi ez bazaio edo beste aleren bat izan nahi badu, doan eskura dezakete Bertan herritarren arretarako bulegoan.