Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea 0-6 urte bitarteko haurren artean irakurzaletasuna sustatzeko jardueren programa
2024·10·16
Urnietako Udaleko Kultura sailak "Liburu baby kluba" eta “Liburu txiki kluba” ekimenak batzen dituen programa bat jarri du abian herriko txikienen artean irakurzaletasuna bultzatzeko xedez. Programa elkarlanean garatuko da Bookstart Euskadi Gipuzkoarekin eta Mestiza Elkarte Artistiko Soziokulturalarekin.
Helburu horrekin, hainbat saio antolatuko dira, literatura, musika, artea eta naturaren gaineko interesa pizteko ere balioko dutenak. Liburua ardatz hartuta euskal kultura eta munduko kultura ezberdinak ezagutzea ere ahalbidetuko da. Azken batean, 45 minutu inguruko saio ludikoak izango dira, parte hartzeko, partekatzeko eta familian irakurtzearen plazerraz gozatzeko.
Liburu baby kluba
"Liburu baby kluba" 0 eta 3 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago. Haurrek heldu baten laguntzarekin joan beharko dute saioetara, eta hura ere jardueraren partaide izango da, funtsezkoa baita gurasoek edo tutoreek ere prozesuan parte hartzea, bertan hasitako bideak etxean jarraipena izan dezan.
Saioak Lekaio kultur etxeko liburutegiko haur txokoan garatuko dira ondorengo egun eta orduetan.
- Urriak 22, 10:30
- Urriak 29, 17:00
- Azaroak 9, 10:30
- Azaroak 12, 10:30
- Azaroak 26, 17:00
- Abenduak 10, 10:30
- Abenduak 17, 17:00
Liburu txiki kluba
“Liburu txiki kluba”-ren dinamika berdina izango, baina kasu honetan, 4-6 urte arteko haurrei zuzenduta dago. Hemen helduen parte hartzea hautazkoa izango da.
- Azaroak 11, 17:00
- Azaroak 23, 10:30
- Abenduak 13, 17:30 (saio hau Xoxokako Eskola Zaharrean egingo da).
- Abenduak 23, 17:00
- Abenduak 30, 17:00
Liburu sorta opari
Bestalde, ekimen honi lotuta, 2022an, 2023an eta 2024ean jaiotako haurren familiei doako liburu sorta bat banatuko zaie liburutegian urriaren 21etik aurrera.
Urnietako Udalak adin tarte horietako haurrak dituzten familiak probatzera eta saioetan parte hartzera animatzen ditu, izan ere, liburuetarako, abestietarako eta gurasoekin edo tutoreekin partekatutako interakziorako sarrera goiztiarra jasotzeak hezkuntza, gizarte, kultura eta emozio-onurak dakartza. Gainera, eragin positiboa du umeen garapen kognitibo eta linguistikoan.