Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Urnietako udalaren logotipoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Barruko horrien irudia

Aplikazio habiaratuak

Albisteak

Atzealdea Joseba Ubillos: “auzokideen arteko harremana indartzen eta Xoxokari bizia ematen saiatzen gara”

.

2024·10·09


Xoxokako Auzo Elkarteak buruturiko lanari esker urtean zehar hainbat ekintza eta festak garatzen dira auzoan bertan. Joseba Ubillos da elkarteko lehendakaria eta berarekin elkartu gara burutzen duten lana gertutik ezagutzeko eta elkartearen ibilbidea errepasatzeko.

Iristsi dira Xoxokako festak, auzotarrentzat egutegian gorriz markaturiko hitzordua.

Guretzat egun politak eta bereziak izaten dira. Atzetik ikusten ez den lan handia egiten da egitarau erakargarri bat sortzeko eta uste dut hobetzen joan garela. 

Zein aldaketa izan dira?

Nagusiena, ekintzak gehitzen joan direla. Duela urte batzuk karpa ekartzen hasi ginen, izan ere, bestela, eguraldiaren menpe egoten ginen, eta, horrela, beste kontu bat da. Behin karpa edukita egunak gehitu genituen, ostirala ere sartuz. Aurten, karpa handiagoa jarriko da.

Hori seinale ona da ezta?

Bai, jendeak erantzuten duen seinale. Larunbateko afarirako tiketak beti bukatzen dira eta 180 pertsona inguru elkartzen gara. Ostiralekoan ere giro polita izaten da. Gainerako ekintzetara ere etortzen da jendea, bai Urnietatik eta baita inguruko herrietatik ere; Hernani, Andoain, Billabona, Zizurkil…

Zein egunekin geratzen zara zu?

Orain pixka bat galtzen ari da, baina niri asko gustatzen zait astelehena. Batik bat auzotarrak elkartzen gara egun horretan eta gure artean oso giro polita sortzen da.

Gau sorpresa ere jaietako ikur bihurtu da.

Oso berezia da. Inprobisazio asko egoten da eta badu xarma. Antzerkietan ondo pentsatutako gidoietara ohituta gaude, baina hemen edozer gerta daiteke. Gaia eta antzerkia nondik joango den hitz egiten dira aurretik, baina gero inprobisatu egiten da. Horretarako gaitasun handia duen jendea dugu eta polita izaten da.

Herri kirolek eta bertsoek ere beti dute lekua.

Euskal kulturaren oinarri dira eta gu hori sustatzen saiatzen gara.

Festez aparte beste hainbat gauza ere antolatzen dituzue.

Urtean zehar ere auzokideen arteko harremana indartzen eta Xoxokari bizia ematen saiatzen gara. Horretarako ekintza desberdinak egiten ditugu. Bestalde, auzolanean eraiki zen bertako eraikinaren erabilera sustatzen saiatu gara. 

Zer egin duzue horretarako?

Aurreko urtean sukaldea berritu zen eta orain, bertan antolatzen ditugun gauzak askoz hobeto egiten dira. Atea txartel bidez irekitzen duen sistema jarri genuen, bazkideek Xoxokako eskolaren erabilera handitzeko asmoz. Bazkari eta afariak egiten dira, baita umeen merendolak ere hileko azken ostiraletan. Auzoan 20-25 ume egongo dira orain, mugimendua dago. 

Ikuskizunak ere izaten dira ezta?

Bai. Bertso bazkariak, pailazoak, ipuin kontalariak eta irteerak ere antolatu ohi ditugu. Egingo dugun hurrengo irteera Peru Harrira izango da. Hara joan, bazkaldu eta autobusean egingo dugu buelta. Azaroan ipuin kontalarien saio berri bat izango da eta beste zerbait ere antolatuko dugu aurten.

Ekintzak interesa duen orori irekiak dira?

Bai, bai. Gure ekintzak denentzat antolatzen ditugu. Antolaketa auzotarrek egiten dugu, baina herriko jendea ere etortzen da. Gonbidatuta daude eta zubiak sortzeko polita da.

Zenbat kide zaudete elkartean?

Gaur egun oker ez banago 27 baserri daude elkarteko bazkide bezala, kopuru polita da.

Nola antolatzen zarete?

Urte hasieran bilera bat egiten dugu bazkide guztiekin eta Udalak emandako dirulaguntzarekin zein ekintza egin erabakitzen dugu. Aurrekontuaren zati bat festak antolatzeko bideratzen da eta gainerakoa urteko ekintzetara. Lantalde desberdinak gara eta laster, festetako taldeak bere elkarte propioa sortuko du. Egia esan zentzu gehiago du, lantalde bakoitza bere ekintzez arduratzen delako eta modu independentean lan egiten dugulako, baina ez dugu inongo arazorik izan eta harreman ona dugu.

Zu lehendakari izateaz gain zein lantaldetan zaude?

Nik urte asko egin nituen festetako taldean eta orain, bestean nago. Festetako taldean jende gazteagoa dago. Lehen esaten zen ezkondutakoan uzten zela festetako taldea eta orain umeak izandakoan kar, kar, kar.

Modu batean edo bestean garrantzitsuena Xoxokak bizia izaten jarraitzea.

Hori da. Festetako taldean jende dezente dago eta ziur lan on bat egiten jarraituko dutela, eta guk ere urtean zehar gauzak antolatzen segiko dugu.

Banner-a

Youtube osoko bilkura

Jarrai gaitzazu Youtuben

Banner Informazio guztia eskura klik batean

INFORMAZIO
GUZTIA ESKURA
KLIK BATEAN

  Twitter   Facebook   YouTube

Banner Berrittu

AGENDA KULTURALA

AGENDA