Aplikazio habiaratuak
Albisteak
2024·05·08
Egape ikastolak parke inklusibo bat izango du DBHko eraikin berriaren ondoan etorkizun hurbilean. Dagoeneko hasi dira eremu berde berri hori garatzeko lanak. Bertako jolasguneak ikastolan dabiltzan adin guztietako haurrei bideratuta egongo dira, eta, eskola orduetatik kanpo gainerako herritarrek ere erabili ahal izango dituzte.
Espazio horrek joko librea, esplorazioa, irudimena, parte hartzea eta inklusioa sustatuko ditu eta material natural eta birziklatuekin osatuta egongo da: egurra, buztina, harea, sokak, ura eta enborrak, besteak beste. Era berean, askotariko loreak eta landareak izango ditu.
Parkearen barruan hainbat gune bereiziko dira, hala nola zirkuitua eta sareak, oreka eta txirristak, piknika eta baratzea, gazteentzako topaketa, agertokia eta basoa. Azken batean, haurrek gozatzeko espazio zabala eta anitza izango da.
Elkarlan parte-hartzailea
Proiektua Patricia Celaya arkitekto urnietarrak idatzi du, eta ikastetxeko amen eta irakasleen laguntza izan du, parkerako proposamen egokienak batera lantzen joan baitira.
Parkea urbanizatzeko proiektuaren obrak hiru fase izango ditu, eta orain hasi da lehenengoa, 163.542 euroko kostua izango du, Urnietako Udalak ordainduko duena.