Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Gorka Miranda: “gero eta indibidualistagoa den mundu batean bizi gara eta koroak kontrako bidea sustatzen du, taldekoa”
2024·09·13
Easo abesbatzak “Egia ala geRuza” lana aurrestreinatu zuen abuztuaren 25ean Saroben Easo Eskolaniako, Easo Txikiko eta Easo Sinfoniettako partaideen protagonismoarekin. Gorka Miranda da abesbatzako zuzendari artistikoa eta berarekin elkartu gara, sorkuntza prozesuari buruz eta abesbatzen ekarpenari buruz hitz egiteko.
Zer moduz joan zen aurrestreinaldia? Gustura geratu zineten emaitzarekin?
Oso ondo joan zen. Nik hala espero nuen. Lan handia egin dugu, talde ona dugu eta konfidantza nuen. Gustura geratu gara.
Hizkuntzaren geruza desberdinak plazaratu nahi dituzue ikuskizunaren bidez.
Hizkuntzarekin egin daitezkeen jokoak eta txisteak balorean jarri nahi genituen. Hitzekin jolas egitea eta estimuloak sortzea. Publikoari gogorarazi hitz joko horiek hor daudela eta balio handia dutela, izan ere, gaur egun, pantailei begira bizi gara eta sarritan horrelako gauzak ahazten ditugu.
Nola bizitzen dira lana taularatu aurreko uneak? Esperientzia handia izan arren, tentsio puntu bat beti izango da ezta?
Horrelako ekoizpen baten muntaiak urtebeteko lana du atzetik, eta nerbioak beti izaten dira, dena ondo irtetea nahi baituzu. Aurten, gainera, ekoizpen alorrean egin dut lanik gehien, eta niretzat berria denez beste tentsio puntu batekin bizitu dut, ezer ez ahaztea eta dena ondo egotea nahi bainuen.
Umeei zuzendutako lan bat da.
Txikiei zuzendua dago, beraientzat egokitua eta errespetu handiz landua. Haurrei dugun onena eman behar diegu, kalitatezko produktua. Haurrei sormena lantzeko tartea utzi behar zaie. Gure ekoizpenetan ez ditugu erabiltzen elementu asko, imajinazioa lantzeko tartea eman behar zaielako, dena egina eman gabe.
Horrelako lanek haurrak kultura mundura gerturatzeko balio dezakete ezta?
Hemen baditugu bakarlari batzuk 7 urterekin operak egin dituztenak. Beste batzuk arlo profesionalean lehen pausoak ematen ari direnak. Haurrei garrantzia eta protagonismoa eman behar zaie beraien aldeko apustua eginez eta horretarako baliabideak jarriz. Baina ez da hori bakarrik, ekoizpen honetan parte hartu duten haur guztiak kultur kontsumitzaileak izango dira ziur, eta joango dira kontzertuetara, joango dira operetara, ezagutu eta barneratu dutelako zer eskaintzen duen mundu honek.
Umeenez aparte beste hainbat koro daude Eason.
Easo abesbatzan 10 koro eta sinfonía bat daude. Koro guztien artean komunitatea osatzen dugu, txikienek 3-4 urte dituzte eta gure abeslari zaharrenak 93 urte ditu.
Kultur arloaren barruan zein da abesbatzen lekua?
Gure inguruan nahiko garrantzi handia dutela esango nuke.
Zein ekarpen egiten dute abesbatzek?
Abesbatza batean kultur arloan barneratzeaz gain gauza asko ikasten dira: elkarlana, lankidetza eta dinamika soziala, besteak beste. Bestalde, koroak duen gauzarik inportanteenako bat da entzuten ikasten dela, eta hori oso garrantzitsua da. Heziketa hori bultzatu behar da, izan ere, aurrean dudanari entzuten badiot ulertu egingo dut eta gure artean enpatia sortuko da.
Beraz, dinamika eta harreman sare bereziak sortzen dira.
Amankomunean proiektu bat aurrera ateratzen da eta kohesio oso indartsuak sortzen dira. Gero eta indibidualistagoa den mundu batean bizi gara eta koroak kontrako bidea sustatzen du, taldekoa.
Zuen produkzioa Saroben garatzen ari zarete azken urteetan. Zer da Sarobe zuentzat?
Altxor bat da. Lan egiteko horrelako gune bat izatea luxu bat da guretzat. Guillermo opera zuzendaria mundu osoan ibilia da lanean eta harrituta geratu da Saroberekin. Hurrengo lanerako gidoia ere badugu bertan lantzeko eta luzaroan jarraitzea espero dugu.