Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Adarramendi abesbatzak gogotsu ekin dio ikasturte berriari
2026·10·26
Urnietako Adarramendi abesbatzak indarberrituta eta hainbat berritasunekin ekin dio ikasturte berriari.
2025.urtearen amaieran lehen urratsak eman ondoren, ekainaren 11n eskaini zuen aurkezpen-kontzertua Urnietako parrokian. Estreinaldi bikaina izan zen. Hilabete gutxitan egindako lanaren emaitza ikusgarri geratu zen lehen hitzordu hartan, eta herritarren erantzuna ere paregabea izan zen, eliza jendez betez.
Handik egun gutxira, Adinberri Hariak ekimenaren barruan Kursaalean egindako emanaldian ere parte hartu zuen abesbatzak.
Aldaketak ikasturte berrian
Udako etenaldiaren ondoren, gogotsu itzuli dira abesbatzako kideak, zenbait aldaketekin hasi den ikasturte berriari aurre egiteko. Nabarmenena zuzendaritzan eman den erreleboa izan da. Lucia Arzallusek hartu du Josu Elberdinen lekukoa.
Bestalde, entseguen egunak ere aldatu egin dira. Orain, astelehenero biltzen dira 20:00-21:15 bitartean, kiroldegiko kulturgunean.
Urnietako abesbatza adin anitzetako herritarrek osatzen dute. Izan ere, hori izan zen proiektua sortu zenetik helburu nagusietako bat: herritarren arteko topagune eta elkarbizitzarako espazio bat izatea, komunitatea sendotuz eta herriko kultur bizitza aberastuz.
Abesbatzan parte hartzeko interesa duen orok aukera du taldera batzeko. Horretarako, idazkaria@easomusikaeskola.com helbidera idatzi besterik ez du egin behar.


