Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Sanmiel jaiek Urdanborren txupinazoarekin egingo dute eztanda
2026·09·18
Egutegian gorriz markaturiko hilabetea da iraila Urnietan, izan ere, udarari agur esaten zaion arren, herriko jai nagusiei eta bestelako festa eta ospakizunei kaixo esaten baitzaie.
Urnieta jai-giroan murgilduta dago Etxeberriko jaiak ospatu ostean, eta dagoeneko ate-joka dira herriko jai nagusiak, Sanmielak, irailak 25-29 bitartean ospatuko baitira.
Ohikoa den moduan, Jai-Batzordearen eta herriko elkarteen lan bikainari esker, programa aberatsa osatu da, mota guztietako ekintzak eskainiko direlarik urnietarren zein inguruko herrietatik gerturatuko direnen gozamenerako.
Aurten, txosnagunea izango da berriro. Pozgarria da espazio kultural eta sozial hori berreskuratzea, helburua jai anitzak, irekiak, inklusiboak eta parte-hartzaileak antolatzea baita. Plazido Muxikan kokatuko dira. Errekalden kokatuko diren barraketaz ere gozatuko dugu.
Txupineroak eta omendua
Jaiei hasiera emango dien txupinazoa botatzeko ohorea Urdanbor Danborrarien Elkarteak izango du, gure herrian errotuen eta maiteen dugun tradizioetako bat bizirik mantentzeko egiten duen ekarpenagatik. Irailaren 25ean, 19:30etik aurrera izango da jende mordoa biltzen duen ekitaldia.
Aurtengo omendua bestalde, Antton Jauregi Egapeko musika irakasle eta Txanbolin Txistulari Bandako kidea izango da, Urnietan euskal kultura eta tradizioak errotzeko burutu duen ekarpen sakona aitortzeko.
Eta festetako beste protagonista berezi batzuk Ainara Ledesma eta Aday Iborra izango dira, Haurren Egunean Alkate Txiki izango baitira.
Programa
Jaiak irailaren 25ean hasiko diren arren, irailaren 19tik aurrera zenbait ekintza egongo dira: herrian errotuta dauden Extremadurako Jardunaldiak, azken urteetan arrakasta izan duen Mendi Tourra, xake txapelketa, mahai jolasak, bingoa, Txorigorri Race eta txosnen irekiera, besteak beste.
Festetako egitarauari dagokionez, musika gogoko dutenek San Joan plazan eta Txosnagunean eskainiko diren kontzertu mordoaz gozatu ahal izango dute: Mevallar, Super Lore, Lappa, Ganbara Estudios, DJ Los Pintxes Juanes, Iruzta, Tributo: el ultimo de la fila, DJ Osto, Chuleria Joder, Lukiek, Potato, DJ Diplo, Rock Nhits, Mirail, Aimarz, Herri Gerriya, DJ Gio, Rockalean, Xaibor eta Puro Relajo entzun ahalko dira, besteak beste.
Irailaren 25ean, txupinazoaren aurretik, futbolezko billar jokoa egongo da, buruhandi eta erraldoien kalejiraz eta Adarra Jo Txarangaren giroaz gozatu ahal izango da eta haur jaioberriei zapia jarriko zaie. Jaiei hasiera eman ostean aldiz, Zuttik elektrotxarangak alaituko ditu herriko kaleak gaueko kontzertuen atarian.
Larunbata, irailak 26, Koadrilen eguna izango da. Egun horretarako bazkari desberdinak daude programatuta. Horretaz gain, inguruko herrietako txistulariekin batera gauzatuko den kalejira, kontzejupean jokatuko diren haurren pilota txapelketako finalak, eta ikusmin handia sortzen duen danborrada ikusi ahal izango dira. Baita, haur eta helduei bideraturiko dardo txapelketak, Agirre taldeak giroturiko dantzaldia, eta gaueko kontzertuak.
Igandean, irailak 27, Salestarrak-Magaleko haur danborradaren txanda iritsiko da. Skate festa, kantu bazkaria, buruhandi eta erraldoiak eta Tavole kale antzerkia ere izango dira egun horretan.
Astelehena, irailak 28, haurren eguna izango da, non ekintza desberdinak izango diren herriko txikienei bideratuta. Bizijolas jolasak, apar festa, buruhandi eta erraldoiak eta Xaibor DJa.
Asteartean, irailak 29, azkenik, San Migel eguna ospatuko da. Jaietako egun handian omenaldi instituzionala egingo dio Udalak Antton Jauregiri. Goizean puzgarriak ipiniko dira eta Txanbolinen eta Egape Dantza Taldeko kideen emanaldia ikusgai izango da. Arratsaldean ostera, puzgarriez, herri kirolez, Iago magoaz eta Puro Relajoren kontzertuaz gozatu ahal izango da jaiei modu borobilean agur esateko.
Urriko lehen asteburua
Sanmiel jaiak amaitu arren, Urnietak jai giroan jarraituko du, eta urriko lehen asteburuan Arrosarioko Ama Birjinaren omenezko jaiek eta baserritarren egunaren ospakizunek hartuko dute lekukoa.
Urriaren 2an, Zeatikez eta Hoferen kontzertuak izango dira entzungai. Urriaren 3an, haur eta gazteei zuzendutako txirrindularitza jardunaldia izango da goizean. Arratsaldean ostera, esku pilota jaialdia, DJ Revu eta DJ gaua.
Urriaren 4ean, Aizkibel harrobiak babestutako txekor jate solidarioa azpimarratu behar da, 18:00etatik aurrera. Bildutako dirua Pausoka elkartera bideratuko da. Ordu berean sagar zakuaren erronka, sagardo dastaketa, eta Iratzar erromeria egongo dira. Eta 18:30etik aurrera, Willly Etxeberria memoriala ikusi ahal izango da udal frontoian.
Xoxokako festak
Xoxokako festen txanda iritsiko da ondoren, urriak 5-11 bitartean, hain zuzen. Bertako auzo elkarteak egitarau polita antolatu du beste behin.
Bertaratu nahi dutenentzat doako autobus zerbitzua eskainiko da urriaren 9n eta 10en. Autobus geltokia Elkarteen Etxearen ondoko biribilgunean egongo da eta ordutegiak ondorengoak izango dira:
- Urriak 9: Urnieta - Xoxoka 17:30, 20:00 eta 1:00
- Urriak 9: Xoxoka - Urnieta 20:15, 1:15, 2:30, 3:30, 4:30, 5:30 eta 6:30
- Urriak 10: Urnieta - Xoxoka 16:30, 20:00 eta 1:00
- Urriak 10: Xoxoka - Urnieta 20:30, 1:15, 2:30, 3:30, 4:30, 5:30 eta 6:30
Informazio eta arreta gunea
Bestalde, Urnietako Udalak jai parekide eta berdinzaleak sustatzeko konpromezua berresten du eta aurten ere, informazio eta arreta gunea ipiniko dira Sanmiel jaietako ondorengo egun eta orduetan:
- Irailak 25: Gaztelekua (Plazido Muxika plaza) 19:00-4:00
- Irailak 26: Gaztelekua (Plazido Muxika plaza) 19:00-4:00
Trafiko oharrak
Errekalde eta Akan kaleetatik igaroko den goitibera-lehiaketa dela eta, aparkaleku-murrizketak egongo dira inguru horretan irailaren 24an.
Errekalde kaleko aparkalekua irailak 23 – urriak 1 bitartean itxita egongo da barraken ondorioz.
Idiazabal kaleari dagokionean, irailak 26 larunbatetik igandera goizera arte, itxita egongo da Itxaspe paretik Kandela tabernaren pareraino. Baita urriaren 3an larunbat arratsaldetik igande goizera arte.
Bestalde, irailaren 25etik 29ra (24orduz) eta urriaren 2an (gauean) Etxeberriko biribilgunetik San Joan plazara doan trafikoa Maximo Yurramendi kalera bideratuko da. Arantzubi aldetik San Joan plaza itxita egongo da, San Joan 11 parean. Eta Azkorte kalerako sarrera, Geltoki kaletik egin beharko da behetik gora.
Autobusak
Idiazabal kalean mozketak irauten duten bitartean bi autobus geltoki egongo dira:
- Elkarteen etxearen ondoko biribilgunean.
- Ermotegi-Langardako biribilgunean.
Programa eskura APPan
Urnietarrek programazio osoa eskura dute uneoro Udalaren APPan. Era berean, norbaitek programa etxean jaso ez badu, Bertan herritarren arretarako bulegoan eska dezake.

