Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Urnietako Udalaren Berdintasunerako Barne Plana onartu da
2026·07·27
Urnietak berdintasunaren arloan aurrera egiten jarraitzen du, eta beste urrats bat eman du Udalaren lehen Berdintasunerako Barne Plana onartuta, udal-plantilla osatzen duten emakumeen eta gizonen artean berdintasunezko tratua eta aukera berdinak bermatzeko.
Arlo horretan espezializatutako aholkularitza-enpresa baten laguntzarekin garatu den eta udal langileen onarpena duen plana atzo arratsaldean egindako osoko bilkuran onartu zen, EAJren eta PSE-EEren botoekin, eta EH Bildu abstenitu egin zen.
Emaitza bera izan zuen telelanari buruzko ordenantzaren hasierako onarpenak. Ordenantza horrek telelana Urnietako udal langileentzat arautzeko eta funtzionamendu-irizpideak ezartzeko balioko du.
Elkarteen Etxeko taberna ustiatzeari buruzko kontratazio-espedientea bestalde, aho batez onartu zen. Gaur egun espazioaren kudeaketa daramaten pertsonek urte amaieran utziko dute, eta zerbitzu hori urnietarrei eskaintzen jarraitu ahal izateko prozesuari hasiera emango zaio.
Halaber, hiru alderdien aldeko botoarekin onartu zen irailaren 29a (Sanmiel eguna) Urnietako jaiegun izendatzea 2027. urterako.
Azkenik, kredituak aldatzeko espedientea onartu zen, EAJk eta PSE-EEk aldeko botoa eman baitzuten. EH Bildu abstenitu egin zen.

