Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Iñaki Kerexeta Lizeaga: “osasun mentalari loturiko arazoak ez dira soilik konponduko profesionalak areagotzearekin, prebentzio aldetik ondoeza eta ongizatea tratatu beharko lirateke”
2026·07·09
Osasun mentala bazterreko gaia izateari utzi eta osasun publikoaren kezka nagusietako bat bihurtu da, izan ere, buruko nahasmenduek gorakada handia izan dute azken urteetan. Iñaki Kerexeta Lizeaga urnietarrak barru-barrutik ezagutzen du errealitate hori, haur eta gazteen psikiatra baita Osakidetzan.
Kerexetak Medikuntza ikasketak egin zituen bere hezkuntza ibilbidea Urnietako Egape ikastolan hasi eta Donostiako Barandiaran Lizeoan jarraitu ostean. Psikiatrian espezializatu zen MIR-a egin ondoren eta bere formakuntzaren barruan, 2012.urtean New Yorken izan zen 4 hilabetez nerabezaroan azaldu daitezkeen nortasun-nahasmenduen tratamenduen psikoterapia ikasten.
Basurtoko ospitalean egiten du lan, 10-18 urte bitarteko gazteekin, batez ere suizidio saiakera errepikakorrak eta elikadura arazoak dituztenekin. Aipatzen du arazo estruktural bat dagoela: “antsietate eta depresio kasuak asko handitu dira, baita bere buruaz beste egiteko ideia duten gazteen zifrak ere, ikara ematen du”. Horren zergatiari buruz galdetuta ondorengoa azaltzen du: “gazteak ez dira berdin iristen ari nerabezarora. Ez daude gaizki pasatzen ohituta. Frustrazio egoerak murrizten saiatzen gara orain, eta gero, ez dakite arazoen aurren nola jokatu”. Puntu honetan, mugak jartzearen garrantzia azpimarratzen du: “ezetz esan behar zaie tokatzen denean. Etengabe umea gaizki ez egoteko neurriak hartzen ari bagara ez gara umeari laguntzen ari”.
Bestalde, nerabezaroa berez, etapa zaila dela adierazten du: “hor sortzen da gure nortasuna, eta aldaketa biologiko asko ematen dira. Nerabe bat ez dago orekatuta. Sartzen diren fase berri horretan izua, ikara edo ondoeza sortzen dien zerbat sentitzen badute, garuna biologikoki ez dute prest buruarekin hausnartzeko eta hori zergatik gertatu den lantzeko. Beraien buruak akzio-erreakzio eskemarekin funtzionatzen du. Hau da, gaizki nago, ezin dut gaizki egon eta zerbait egin behar dut. Eta batzuetan muturreko irtenbideak bilatzen dituzte”.
Arreta jarri
Zentzu horretan dio, zaila dela nerabe batek izango duen erantzuna aurreikustea: ”Antsietate edo depresio arazoak daudenean ikusi behar da zerk eraginda diren, gero, bestela, beste puntu larriago batean amaitu baitezakete”. Baieztapen horrek guraso askok egingo duten galderara garamatza, zein zantzuren aurrean piztu behar den argi gorria, hain zuzen, eta Kerexetaren erantzuna argia da, aldaketen aurrean: ”gazte bat bere eguneroko normaletik aldentzen hasten denean arazo bat izan dezakeela pentsa dezakegu. Esaterako, koadrillan ibili den gazte batek lagunartea uzten badu, edo futbolarekiko grina duenak bat-batean interes hori galtzen badu. Berdin ikastolan duen errendimendua jaitsi badu. Aldaketak zentzu positiboan badira ere begiratu egin behar dira. Ikastolan emaitza arruntak ateratzen zituen eta orain 9-10ak. Agian horren atzean beste arazo bat dago. Zerbaitetan fijazio handia izatea ere beste zerbait estaltzeko modua izan daiteke. Horiek pistak dira. Horrek ez du esan nahi aldaketa horien atzean beti arazo bat dagoenik, baina bai arreta jarri behar dugula”.
Bestalde, Kerexetak azaltzen du, ume batek laguntza eskatzen duenean ez dela itxaron behar zerbait larria gertatu arte, ”laguntza eman egin behar zaio eta babestua sentitu behar da. Gaur egungo nerabeek ez dakite itxaroten, tik urdinaren belaunaldia da. Laguntzarik ez badute ezin da asmatu zein erabaki hartuko duten”.
Kasu horietan zer egin behar den edo nora joan behar den galdetuta aldiz, hauxe gomendatzen du: ”orokortasun baten barruan 12 urte aurretik ume batek laguntza eskatzen badu pediatrari edo lehen mailako arreta medikuari esan behar zaio. Batzuetan jarraipena beraiek egiten dute eta bestela osasun mentalera bideratzeko protokoloak dituzte”. Muturreko egoeraren bat ematen bada ostera, larrialdi zerbitzuetara eramatea aholkatzen du, ”bertan beti baitago psikiatra bat”.
Terapia
Psikologia, psikiatria eta osasun mentala oso eremu estigmatizatuak dira artean, eta sarritan, kosta egiten da pausoa ematea, baina arazoak ez larriagotzeko funtsezkoa da garaiz lantzen hastea, albo kalte gehiago ez sortzeko. ”Profesionalok dituzten egoerei aurre egiteko erremintak ematen dizkiegu, kasuari eta pertsonari loturiko erremintak. Ez da gaixotasun arrunt baten modukoa. Sukarra dugunean parazetamola hartzen da eta listo. Psikoterapian garrantzitsuena da indibidualizaturiko terapiak izatea”.
Terapien metodologiari dagokinean azaltzen du “zorionez” gauzak aldatzen ari direla eta “interbentzio gehienak psikoterapiari loturikoak dira. Botikari loturiko interbentzioak ahalik eta gutxien egiten dira. Egia da botikak momentu jakin batzuetan laguntzen duela, baina ez da arazoaren muinera iristen. Bien arteko lanketarekin emaitza hobea lortzen da”. Terapien beste gakoetako bat pazientearekin konektatzea omen da. ”Terapeutarekin binkulorik ez badago ez da zutaz fidatuko, ez dio jaramonik egingo zuk esandakoari, eta orduan ez dago zer eginik”.
Buru osasuneko gaitzen prozesuak luzeak eta konplexuak direla dio eta profesionalentzat ere oso gogorrak: “nik nire pazienteak nire ume bezala sentitzen ditut eta laguntzea posible ez den kasuetan edo garapena nik nahi dudana ez denean oso gogorra da. Batzuetan nahiz eta gauzak ondo egin emaitza ez da esperotakoa. Faktore asko daude: agian familiak ez du laguntzen, edo toxikoak agertzen dira… Gauza horiek ekuazioan sartzean dena birplanteatu behar da. Paziente berdinarekin egunero eszena desberdin bat da, euren egoerak aldatzen baitira.”.
Prebentzioa
Buruko gaitzen areagotzearekin amaitzeko zer egin beharko litzatekeen itaunduta, bi gako ematen ditu; prebentzioa lantzea eta horretarako arlo sozioemozionala ikastolan txertatzea. “Osasun mentalari loturiko arazoak ez dira soilik konponduko profesionalak areagotzearekin, prebentzio aldetik ondoeza eta ongizatea tratatu beharko lirateke, ongizatea areagotzen saiatzeko eta nerabezarora prestatuago iristeko”.
Kontatzen du ikerketak egin dituztela ikastetxe desberdinetako ikasle taldeekin. Esaterako, 2017-2018 eta 2018-2019 ikasturteetan, frogak egin genizkien 1.500 ikasleri, formakuntza jaso aurretik eta ostean, emozionalki nola zeuden ikusteko, eta ikusi zen hiperaktibitateari eta jokaera sozialei loturiko aldagaiak %17-20 bitarteko hobekuntza izan zutela.

