Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Plazaolako bide berdeak Andoainekin duen lotura berrikusteko eskatuko zaio Aldundiari
2026·06·30
Urnieta eta Andoain lotuko dituen bizikleta bidearen proiektua, Irurain gainetik pasatuz, behin betiko onartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak ekainaren hasieran, Urnietako Udalak aurkeztutako alegazioak ezetsi ondoren.
Urnieta eta Lasarte-Oria lotuko dituen bide berdearen obrek aurrera jarraitzen dute eta irailean amaitzea aurreikusten da; beraz, Urnieta eta Andoain arteko zatia baino ez litzateke geratuko lotura amaitzeko. Onartutako proiektuarekin bizikleta-sareari jarraipena emango litzaioke eta Donostia eta Iruña arteko ibilbidea itxiko litzateke. Nahiz eta hasiera batean albiste ona izan, Urnietako EAJ-PNV eta EH Bildu ez daude ados proposatutako trazadurarekin, eta ekainaren 25ean egindako udalbatzarrean jeltzaleek aurkeztutako mozio bat onartu zen Aldundiari proiektua gelditu eta berrikusteko eskatzeko. PSE-EE Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak proposatutako ibilbidearen alde agertu zen eta bere botoa kontrakoa izan zen.
Onartutako mozioan adierazten denez, proposatzen den trazadurak hainbat bidegurutze ditu, eta horiek arrisku handia eragin dezakete oinezkoentzat zein txirrindularientzat. Izan ere, Aldundiaren proiektuan IATaren biribilgunearen ondoan errepide-pasabide bat jartzea aurreikusten da. Mozioan aipatzen denez, egoera hori bereziki arriskutsua izan daiteke bizikleta-bide horren erabiltzaileentzat eta GI-3722 errepidetik zirkulatzen duten ibilgailuentzat.
Eskaera egin da onartutako ibilbideak Urnietako beharrei erantzuten ez dielako, Plazaolaren ibilbide historikoa kontuan hartzen ez duelako eta GI-3722 errepidearen bidegurutzean, biribilgunearen ondoan, beste arrisku-puntu bat sortzen duelako. Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuari eskatzen zaio proiektua geldi dezala eta, udalarekin lankidetzan, trazadura seguruagoa eta udalerriaren beharrekin bat datorrena adostu dezala.
PSE-EE udal taldeak, bere aldetik, Iruraingo gainaren inguruan bizikleta eta oinezkoen ibilbidearen segurtasuna hobetzeari buruzko mozioa aurkeztu zuen. Mozioa ez zen aurrera atera, beste bi alderdien kontrako botoa jaso baitzuen.
Gainerako gaiak
Horretaz gain, beste hainbat gai landu ziren ekaineko udalbatzarrean. Esaterako, Foruen abolizioaren 150. urteurrena eta Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena direla eta, mozio bateratua aurkeztu eta aprobatu zuten EAJ-PNV-k eta EH Bilduk. PSE-EE-k aurka bozkatu zuen.
Urnietako Udalaren eta Beterri Buruntzako mankomunitateko herrien eta mankomunitatearen arteko lankidetza hitzarmenaren onarpena berriz, aho batez atera zen aurrera. Hitzarmenaren xedea da erakundeen arteko lankidetza-esparrua ezartzea, Beterri-Buruntza eskualdeko inklusio-estrategia diseinatu eta zehazteko.
2025eko kontu orrokorra EAJ-PNV eta PSE-EE-ren aldeko bozkekin onartu zen, EH Bildu abstenitu egin zen.
Eta azkenik, LGTBIQ+ Kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Eguneko adierazpen instituzionala onartu zen hiru alderdien arteko adostasunarekin.

