Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Urnieta jai-giroan murgilduko da Gazte Festen ospakizunarekin
2026·05·22
Maiatzeko azken asteburua gorriz markatuta egoten da Urnietako egutegian, izan ere, orduan ospatzen baitira herriko Gazte Festak. Maiatzaren 29tik 31ra Urnieta jai-giroan murgilduko da Jai Batzordeak herriko elkarteen parte hartzearekin egun horietarako antolatu duen programazio aberatsari esker.
Jaiei hasiera emango dien txupinazoa maiatzaren 29an 19:30 pasata jaurtiko da Egape Dantza Taldearen emanaldiaren ostean, eta taldea bera izango da momentu berezi horren protagonista. Dena den, aurretik ere egongo dira zenbait ekintza: zezen mekanikoa, buruhandi eta erraldoien kalejira, Gazte Olinpiaden finala eta Kantazauen kantujira, besteak beste. Txupinazoaren ostean berriz, Burrunba elektrotxarangak jarriko du giroa eta gauen afari tematikoaz, “Ai ama” erromeriaz eta kontzertuez gozatu ahal izango da. Oholtzan izango dira Komerik erromeria eta DJ Aldama.
Maiatzaren 30ean Txanbolin txistulari bandak joko du diana eta eguerdi partean hitzordu desberdinak egongo dira: hala nola, Egapeko dantzari txikien saio berezia, liburu txiki jaia, haurrentzako dardo txapelketa, poteoa eta herri bazkaria. Arratsaldean ostera, heldunetzako dardo txapelketa, “Eraitsi SL” kale antzerkia, DJ Osto,Txintxarri txaranga eta erremonte jaialdia egongo dira. Eta eguna luzatu nahi dutenentzat erromeria Lisker taldearekin, Reggae gaua eta DJ LLL.
Maiatzaren 31n, jaietako azken egunean, diana joko du berriro Txanbolinek. Gero, zirku tailerra, antzara joko erraldoia eta pilotako finalak jokatuko dira. Eguerdian Txanbolinek eta Egape Dantza Taldeak musika eta dantza emanaldia eskaniko dute eta arratsaldean azkenik, erraldoi eta buruhandiak, eta “Egun on, sikiera! dantzak eta jolasak izango dira jaiei agur esateko.
Haurrentzako feriak eta errepide mozketak
Haurrentzako feriak Etxeberri kalean jarriko dira oraingoan. Ondorioz, kale horren zati bat trafikorako moztuta egongo da maiatzaren 27tik ekainaren 2ra bitarte.
San Joan plazaren eremua bestalde, ostiral arratsaldetik (17:00etatik) igande gauera (21:00arte) itxita egongo da.
Eta Idiazabal kalea larunbatean 17:00etatik 21:00 arte. Mozketak irauten duen bitartean bi autobus geltoki egongo dira:
- Elkarteen Etxe ondoko biribilgunean (San Joan 42)
- Ermotegi-Langarda biribilgunean
Programa eskura APPan
Urnietarrek programazio osoa eskura dute uneoro Udalaren APPan. Era berean, norbaitek programa etxean jaso ez badu, Bertan herritarren arretarako bulegoan eska dezake.
Udalak festak giro onean, elkartasunez, askatasunez eta bizikidetza egokiarekin garatzea espero du.

