Edukira joan

Urnietako udalaren logotipoa

Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Habiaratutako portletak
Albisteak
Atzealdea

13.189.389 euroko anbizio handiko aurrekontua onartu da 2022an erronka garrantzitsuei aurre egiteko

.

2021·12·27


Urnietako Udalak 13.189.389 euroko aurrekontu kontsolidatua onartu zuen 2022rako abenduaren 23an egin zen udalbatzarrean. Anbizio handiko aurrekontua da, 2022an udalerriak izango dituen erronka garrantzitsuei aurre egiteko balioko duena. Horren erakusgarri da 2021eko aurrekontuarekin alderatuta %17ko igoera izango duela. Foru Funtsaren ekarpena inoizko handiena izango da, 4.740.000 euro jasoko dira Aldunditik eta 1,4 milioi euroko kreditua eskatuko da aurrekontu horri aurre egiteko.

Aurten ere, Udalak aurrekontu-orekari jarraitu dio berau osatzeko orduan. Hau da, Udalak dituen diru-sarreren ahalmenaren arabera kalkulatu dira gastuak. Exekuzioen helburuei dagokionez, aurreko urteetan atzeratutako inbertsioak egiten jarraituko da, eta, era berean, udalerriaren etorkizuneko garapenerako giltzarri izango diren proiektu garrantzitsuak gauzatuko dira. Gainera, herritarren beharrei erantzuteko apustua egiten jarraituko da –inor atzean ez uzteko – eta horretarako, besteak beste, gizarte-larrialdietarako laguntzen partida handitu da, kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzen jarraitzeko.

Obra garrantzitsuen amaiera

Urte hasieran amaituko da kiroldegia eraberritzeko obra, eta orduan ekingo zaio hura erabiltzeko behar den ekipamenduaren instalazioari: altzariak, kirol-makinak, lurzoruak eta abar, dagoeneko dagokien enpresei esleitu zaizkienak. Horrela, lortu nahi da urnietarrek ahalik eta lasterren eskura izatea punta-puntako kiroldegia, banakako zein taldeko erabiltzaileen beharrei erantzungo diena.

Udalak ere ahalegin ekonomiko handia egingo du hainbat azpiegitura berritzeko, nahiz eta hein handi batean Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lortutako akordioari esker finantzatuko diren. San Juan 42 eraikinaren barnealdea berrituko da (fatxada berrituta dago), eta Errekalde 14ko solairuartean tutoretzapeko etxebizitza berriak eraikiko dira.

San Juan 42ko obran, Denda Berri jubilatuen elkarteak egoitza eta jarduera mantentzen jarraituko du instalazio berritu eta hobetuetan, eta, gainera, lehenengo solairua egokituko da udalerriko elkarteei zerbitzua emateko, horrela elkarteen etxea sendotuz. Hala, udal elkarte ugarik han izango dute haien txokoa, belaunaldien arteko topaleku bat sortuz.

Iraupen luzeko laguntza eta zaintza duten etxebizitzen zerbitzurako pisuak (tutoretzapeko pisuak) Errekalde 14ko udal-jabetzako solairuartean eraikiko dira. Eraberritu ondoren, instalazio moderno eta guztiz egokiak izango beharra duten urnietarrei zerbitzua emateko.

Plazido Muxika plaza estaltzea

Beste obra esanguratsu bat Plazido Muxika plaza estaltzeko egingo dena izango da. Horretarako, abian jarritako partaidetza-prozesuaren azken fasea garatzen ari da. Fase horretan, herritarrek erabakiko dute zer nolako estaldura nahi duten plazarako, egin zen ideia-lehiaketan epaimahaiak hautatutako hiru aukeren artean.

Era berean, aurrekontu irekien prozesuaren barruan hautatutako hobekuntzak gauzatuko dira. Besteak beste, Pumptrack bat eta Skatepark bat eraikitzea, trenbidearen ondoan segurtasun-itxiturak jartzea, Berrasoeta parkeko porteriak ordezkatzea edo iturriak hobetu eta instalatzea.

2022an, parte-hartzea funtsezko oinarria izango da berriz ere Udalaren politikan, eta prozesu berri bat egingo da 2023ko aurrekontuko 150.000 euro zertara bideratu zehazteko. Aurten lehen hezkuntzako ikasleekin buruturiko lanketa aberasgarriaren ostean, berriro ere adin txikiko urnietarrekin lan egingo da.

Herri atsegina eta irisgarria

Irisgarritasunari dagokionez, Urnietak oinezkoentzako herri atseginagoa izateko apustuarekin jarraituko du. Ildo horretan, aurrerapauso handia emango da Zaldundegiko espaloiak handitzeko obra amaitu ondoren, herriko arteria nagusietako bat baita.

Irisgarritasunarekin eta segurtasunarekin lotutako beste obra bat tren-geltokian garatutakoa da, geltokiaren trenbidearen gaineko egungo trenbide-pasagunea kentzeko, herritar guztientzat irekita dagoen lurrazpiko pasabide bat gaituz. Pasabide berriak bidea modu seguruan eta irisgarrian zeharkatzea ahalbidetzen du, bi igogailu baititu. Behin Adifek obraren lehen zatia amaituta, orain, Adifek bigarren zatia ere gauza dezan lan egingo da.

Iraunkortasunaren aldeko apustua

Udalak ingurumena babesteko urratsak emango ditu, eta horretarako aurrekontuko hainbat partida gaitu dira. Ibilgailu elektrikoak kargatzeko bi gune jarriko dira, bata San Joan plazaren inguruan eta bestea berriz, kiroldegiaren inguruan. Era berean, udal eraikinetako argien ordez LED argiak jarriko dira pixkanaka, eta Udaltzaingoaren ibilgailu bat berrituko da ibilgailu hibrido bat gehituz. Gainera, energia-komunitateak sortzeko aukera landuko da, herritarrentzat energia merkeagoa lortzeko xedez.

Tokiko merkataritzari laguntzea

Covid 19-ren pandemiak agerian utzi du, besteak beste, saltoki txikiak igarotzen ari diren une zaila, eta herriko merkataritza indartzen eta dinamizatzen saiatzeko Udalak lanean jarraituko du On Bizi ostalarien eta merkatarien elkartearekin batera. Zentzu horretan, gertu dago merkataritzaren ekintza-planaren amaiera. Plan horrek jarraitu beharreko ibilbide orria markatuko du, eta etorkizunean garatu beharko diren hobekuntza ekintzak zehaztuko ditu. Halaber, partida bat gaitu da elkartearekin hitzarmen bat formalizatzeko eta hark egoki iritzitako ekimenak garatzeko.

Egape DBH eraikina

Beste alde batetik, udalerriko proiektu estrategikoetako bati jarraipena emango zaio, Egapeko DBH proiektuari, hain zuzen ere. Duela gutxi hasi da Babilonia ingurua urbanizatzeko obra. Obra honetan, babilonia aldeko sarbideak eta zerbitzuak egokituko dira ondoren, Egape ikastolako DBH eraikina eraiki ahal izateko. 

Era berean, Udalak konpromisoa hartzen du inplikatutako eragileekin lan egiteko Hezkuntza Sailak urbanizatuko ez dituen hezkuntza-partzelaren 3.000 metro karratuak integratzeko eta hura martxan jarri aurretik hezkuntza-konplexuaren parte izan daitezen saiatzeko. Gainera, 2023ko aurrekontuetan proiektu hori egiteko aurrekontu-partida bat sartzeko konpromisoa hartu du.

Etxebizitzak

Etxebizitzari dagokionez, Ermotegi eremuko eraikuntza erritmo onean doa. Laster, etxebizitza tasatuen eta babes ofizialeko etxebizitzen zozketa egingo da, eraikuntza-enpresaren eskutik. Etxebizitzak esleitzerakoan lortu da baloratzea eskatzaileak Urnietakoak izatea edo herriarekin loturaren bat izatea.

Landagunea

Udalak landagunean hobekuntzak egiten jarraituko du urtero bezala. Hala, Zuatzeta eta beheko Barkaiztegiko bideak hobetuko dira, eta Xoxokako eskola zaharreko sukaldea berrituko da.

III. Berdintasun Plana

Azkenik, berdintasunaren arloan, Udalak Berdintasunerako III. Plana aurkeztuko du urte hasieran, 2025era arte indarrean egongo dena. Plan horren lehentasunetako batzuk izango dira zaintzari lekua ematea, balioak aldatzea berdintasuna sustatzen saiatzeko eta gazteengana hurbiltzeko ahalegina egitea.

2022rako aurrekontua PNV-ren Gobernu Taldearen botoekin onartu zen. EH Bilduk eta PSE-EEk aurka bozkatu zuten aurrekontuarekin eta herri eredu honekin bat ez datozela argudiatuz.

Udalbatzaren gainerako puntuak

Aurrekontuak osoko bilkuraren zatirik handiena bereganatu zuen arren, udalbatzarrean beste zenbait puntu gehiago onartu ziren. Urnietako III. Berdintasun Plana, 2022rako Araudi Plana eta PSE-EE-ren %40ko dedikazio partzialeko karguaren izendapena aho batez onartu ziren.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Sailaren eta Urnietako Udalaren arteko jarduera-protokoloa, lehen eta bigarren mailako gizarte-zerbitzuen antolamenduari buruzkoa, PNV-ren eta EH Bilduren aldeko botoekin eta PSE-EE-ren abstentzioarekin aurrera atera zen. Eta kontratazio planak EH Bilduren abstentzioa, PNV-ren aldeko botoa eta PSE-EEren kontrakoa izan zituen.


Banner-a
Web edukia bistaratu

Jarrai gaitzazu Youtuben

Web edukia bistaratu

INFORMAZIO
GUZTIA ESKURA
KLIK BATEAN

  Twitter   Facebook   YouTube

Web edukia bistaratu
AGENDA KULTURALA

AGENDA

Web edukia bistaratu

Covid-19 Urnietan

Legenda
  Azken 14 egunetako kasuak 100.000 biztanleko
400 kasu edo gehiago
300 eta 399 kasu artean
60 eta 299 kasu artean
60 kasu edo gutxiago
Eraginik gabe edo 5.000 biztanle baino gutxiago udalerrian
 

 

*Datuen jatorria: OpenData Euskadi

**14 eguneko tasa 100.000 biztanleko. Tasak kalkulatzeko EUSTATen Biztanleen Udal-Erroldaren Estatistikan 2020ko urtarrilaren 1erako argitaratutako biztanleria hartzen da.

x

Izan zaitez lehena herriko albisteen berri izaten

Instalatu ezazu gure PWA eta gure herriko aktualitateen berri (albisteak, agenda, lan-eskaintza...) izango duzu.

Nola instalatu PWA?

Ios-Iphone gailu bat baduzu, udaleko orria zure iPhonean irekitzean, sakatu partekatzeko ikonoa. Sakatu ondoren, sistema eragileari dagozkion aukeren menu bat agertuko zaizu. Bilatu "gehitu hasierako pantailan" botoia eta sakatu haren gainean. Amaitzeko, berretsi hurrengo pantailan ikonoa zure mugikorrean sartu dela, "Gehitu" botoia sakatuta.

Android gailu bat baduzu, sakatu "Instalatu".

Instalatu Ez instalatu

x

Jakinarazpenak

Gailuaren jakinarazpenak aktibatu nahi dituzu azken berriak jasotzeko?

Bai Ez, mila ezker

x

Jakinarazpenak blokeatuta daude

Desblokeatu itzazu jakinarazpenak jaso ahal izateko.

Itxi