Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Urnietako Udalak behar sozialei eta herriak dituen etorkizuneko erronkei erantzungo dieten aurrekontuak onartu ditu
2020·12·22
Urnietako Udalak 2021eko aurrekontuak onartu zituen atzo arratsaldean Udaletxean egin zen osoko bilkuran. 9.565.217 euroko aurrekontu kontsolidatua izango da Covid 19ak sorturiko pandemiak baldintzatuta datorrena. Jorge Segurado alkateak azaldu zuenez, foru-ekarpena %10 murriztea aurreikusten da, baina, aldi berean, zorpetze handiagoa ahalbidetzen du. Horrela, Udalak 420.000 euro inguruko kreditua eskuratuko duela aurreratu zuen, "beharrezkoak diren gizarte laguntzak eta inbertsioak bermatzeko".
Gizarte-larrialdiko partidak handitu egin dira eta 50.000 euro bideratuko dira merkataritza sustatzen jarraitzeko
Aurrekontuaren ardatz nagusietako bat konpromiso soziala izango da, eta alkateak adierazi zuen berretsi egiten dutela Covid 19ren ondorioz bizi dugun egoera konplexu honetan inor atzean ez uzteko ideia. Ildo horretan, gizarte-larrialdietarako partidak handitu egin direla esan zuen, aurtengo 105.000 eurotik 2021eko 140.000 euroetara igarota, hau da, 35.000 euro gehiago. Era berean, azpimarratu zuen 50.000 euroko partida bat sortu dela herriko merkataritza babesten eta sustatzen jarraitzeko, eta, puntu horretan, merkatarien elkartearekin harremana sendotzeko lanean jarraituko dutela nabamendu zuen. Horrez gain, udal tasak ez igotzea eta terrazetako metro karratuaren prezioa erdira jaistea erabaki da, besteak beste.
Halaber, azaldu zuen aurrekontu hori abiapuntua dela egungo egoeran oinarrituta egindako aurreikuspenekin, baina gizarte-arloan behar berriak edo gehiago sortuz gero, behar diren partidak egokituko direla Udalak dituen aukeren barruan, orain arte egin den bezala.
Inbertsio ugari eta bi parte-hartze prozesu: zertan gastatu 150.000 euro eta zein plaza edo parke estali
Inbertsioei dagokienez, Seguradok adierazi zuen asmoa aurten Covid 19ren ondorioz bertan behera gelditu direnak gauzatzea dela. Hala nola, Erratzuko zubiaren espaloia zabaltzea, Txoritagaingo parkea berritzea, landa-bideak hobetzea (Basotxiki eta Bezkita), ludotekako instalazio elektrikoa hobetzea eta San Juan 42 (Jubilatuen Egoitza) ondoko alboko pasabidea egitea.
Aurtengo parte-hartze prozesuan hautatutako hobekuntzak ere egingo dira. Horrela, San Juan plazako pasabidea Lekaio aldera zabalduko da, komun publiko bat jarriko da San Juan plazaren inguruan, topagune bat Erratzun, bizikletak garbitzeko gune bat, autobus-markesina bat jarriko da, eta bideak hobetzeko eta oinezkoen onurarako hainbat jarduketa egingo dira. Era berean, obra berriak egingo dira, esaterako, udal saneamendu-sareko zenbait puntu hobetzea edo ur-hornidura hobetzea. Jubilatuen Egoitzaren barrukaldeko obrari dagokionean berriz, Udala Aldundiaren diru-laguntza baten zain dagoela azaldu zuen, eta partida eduki bezain laster erreforma egingo dela.
Bestalde, kiroldegiko obra bide onetik doala eta 2021ean azken txanpan sartzea espero duela azpimarratu zuen. Halaber, adierazi zuen herritarren parte-hartzea bultzatzen jarraituko dela eta 2021ean bi prozesu garatuko direla. Bat, urnietarrek aurrekontuko 150.000 euro zertan gastatu erabaki dezaten, azken urteetan egiten den bezala, eta bestea, urnietarrek herriko zein plaza edo parke estali nahi duten erabaki dezaten. Azken prozesu horri dagokionez, bi fasetan garatuko da. Lehenik eta behin, herritarrek erabakiko dute zein espazio estali nahi duten, eta, behin aukeratuta, zer estaldura mota nahi duten bozkatu beharko dute, aurkeztuko zaizkien proposamenen artean. Ondoren, 2022an estaliko da.
Berdintasun-teknikaria
Bestalde, gastuen atalean, berdintasun-teknikari bat kontratatuko delako langileen partida handituko da. Gainera, aurten, administrazio elektronikoa sartuko da herritarrentzako hobekuntza gisa. Garbiketa-partida ere %10 handituko da. Izan ere, pandemiaren ondorioz, udal eraikin eta espazioen garbiketa indartu behar da, guztien segurtasunerako.
DBH-ko eraikina
Aurrekontuan islatzen ez bada ere, Seguradok argi utzi zuen Gobernu Taldearentzat lehentasunezkoa dela Egape ikastolako DBH eraikina egiteko behar diren lurrak lortzea, eta, horri dagokionez, esan zuen euren esku dagoen guztia egiten jarraituko dutela prozesua ahalik eta lasterren egin dadin eta, horrela, lurrak Hezkuntza Sailari eman ahal izateko.
Horretarako, azaldu zuen lursailak aldez aurretik okupatuko direla, jabeei jakinarazi zaien bezala. Okupazio zuzenaren aldeko erabakia hartzeko, kontuan hartu zen hori dela aukerarik azkarrena. Oposizioko taldeek Gobernu Taldeak aurkeztutako aurrekontuen aurka bozkatu zuten, Urnietak behar dituenak ez direla iritzita, eta haien ustez ez direla negoziatu adierazita.
Bestalde, atzoko udalbatzarrean 2021eko araudi plana aho batez onartu zen. 2021eko kontratu plana, aldiz, EAJren aldeko botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta PSE-EEren aurkako botoarekin onartu zen. Azkenik, talde sozialistak aurkeztutako berraztertze-errekurtsoaren ebazpenak ez zuen aurrera egin, EAJren botoen eta EH Bilduren abstentzioaren ondorioz.