Komunikazioa | Udala
Noticias
31·10·2022
Gerturatzen ari da pixkanaka Euskaraldiaren hirugarren edizioa, izan ere, azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean gauzatuko da “hitzez ekiteko garaia” lelopean.
Ekitaldi nagusia azaroaren 5ean
Euskararen erabilera sustatzeko nahia duen eta bere hizkuntza ohiturak eraldatu nahi dituen orok har dezake parte Euskaraldian. Bada, ekimen honen atarian herria girotzen joateko hainbat ekintza antolatu dira eta ekitaldi nagusia azaroaren 5ean gauzatuko da Zubitxo plazan. Bertan, Egape Dantza Taldeak koreografia bat dantzatuko du, Kantazaun elkarteak zenbait abesti kantatuko ditu eta bertso eskolako kideen bertsoak entzuteko aukera ere izango da.
Horretaz gain, gune ibilitaria egongo da, non Euskaraldiko arropa eta materiala erosteko aukera izango den. Euskaraldian parte hartu nahi dutenek izena emateko aukera ere izango dute. Horretarako, euskara norekin eta zenbatetan erabili nahiko duten pentsatu beharko dute.
Ahobizi: Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diot kideek ulertzen dutenean.
Belarriprest: Aldiro erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Agian, beti ez dut euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri euskaraz hitz egitea nahi dut, eta horixe eskatzen diet modu esplizituan.
“Tik-Tokaldia”
Bestalde, TikTok lehiaketa bat abian jarri da 13 urtetik gorako gazteentzat. Parte hartzaileek Euskaraldiaren hirugarren edizioko kantaren zati bat abestu eta dantzatu beharko dute eta publikatzerakoan ondorengo helbideak eta hashtag-ak jarri beharko dituzte: @euskaraldia.urnieta #Euskaraldia2022 #HitzezEkiteko #Ahobizi # Belarriprest #Arigunea #Lorpen #Erronka.
Publikazioei dagokienean 16 urtetik gorakoen bideoak soilik partekatuko dira euskaraldiko kontuan irudien babes legearengatik, baina parte hartzaile guztien artean euskararekin eta euskal kulturarekin lotura duen sari eder bat zozketatuko da.
Parte hartzeko interesa dutenek azaroaren 17ra arte dute bideoak bidaltzeko aukera.
Yoga euskaraz
Halaber, Euskaraldiaren baitan euskaraz emango diren bi yoga klase eskainiko dira azaroaren 12an. Lehenengoa 10:00etan, izango da, eta, bigarrena, berriz, 12:00etan. Izena eman nahi dutenek ondorengo telefono zenbakira deitu edo whatsapp-ez idatzi beharko dute azaroak 10 baino lehen: 688603777
Urnietako Udalak euskarari bultzada ematera eta Euskaraldian eta bere inguruan antolatu diren ekintzetan parte hartzera animatzen ditu urnietarrak.