KIUB

Hernanin kokatzen den Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) doako zerbitzua eskaintzen die Hernani, Urnieta eta Astigarragako bizilagunei hiru udalek duten akordio bati esker. Bulego horrek balio du herritarrei jakinarazteko nola defendatu ditzaketen kontsumitzaile eta erabiltzaile gisa dituzten eskubideak, ondasunak erostean nahiz zerbitzuak erabiltzean. Halaber, kexak, salaketak eta erreklamazioak jasotzeaz eta dagozkien organismoetara bidaltzeaz arduratzen da.

Eginkizunak

Zerbitzuaren eginkizunak hiru arlotan oinarritzen dira nagusiki:

  • Informazioa eta aholkularitza: kontsumitzaileek egindako kontsulta guztiei erantzuna eman eta haiek bideratu, bai bulegoan bertan zuzeneko arreta bidez, bai telefono bidez, eta baita emailez ere. Era berean, kontsumitzaile edota erabiltzaileei orientazioa eta aholkularitza eskaintzen da ondasun bat erosi edo zerbitzu bat kontratatu aurretik eta ondoren, kontsumitzaile edota erabiltzaile gisa dituzten eskubide eta betebeharrei dagokienez.
  • Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak babestea: kontsumo bulegoan aurkeztutako  kexa, salaketa eta erreklamazio guztiak izapidetzen dira.
  • Prestakuntza: dibulgazioaren alorrean, zerbitzuak berak ez ezik, bulegoan planteatzen diren gaiei buruzko kontsumitzaileentzako informazio-liburuxkak argitaratu eta zabaltzen dira.

Prozedura moduak

Prozedura bi modutara egin daiteke:

  • Modu ofizialean: kontsumitzaileak erreklamazio-orria exijitu behar dio enpresaburuari edo dagokion profesionalari, eta behar bezala bete. Ondoren, eta orri arrosa establezimenduan utzita, orri zuria eta dagokion dokumentazioarekin erreklamazioa izapidetzen da. Establezimendu erreklamatura bidaltzen da erreklamazioa, eta 10 eguneko epea ematen zaio bere alegazioak aurkez ditzan. 
  • Modu informalean: kontsumo bulegoko erreklamazio orria erabiliz (enpresa erreklamatua esaterako, telefonia-konpainia bat edo elektrizitatea edo gasa hornitzen duena baldin bada, komeni da bitartekotza informal bat egitea). Beste batzuetan, erreklamazio-orria eskatze hutsa zaila gerta liteke. Batez ere, merkataritza elektronikoak edo etxeko salmentako kasuetako ukoek eragindako erreklamazioak direnean. Kasu horietan, egokiena da lehenbailehen harremanetan jartzea Kontsumitzaileen Informaziorako Udal bulegoarekin. KIUB-etik harremanetan jartzen dira establezimendu erreklamatuarekin, eta alegazio-epea irekitzen da, erreklamatuarentzat.

Horiek jaso ondoren, erreklamazioa egin duenari helarazten zaio, eta bulegoaren bitartekotzaren emaitza ere jakinarazten zaio. Emaitza hori negatiboa bada, informazioa ematen zaio erreklamazioa zein bidetatik jarrai dezakeen esanez (arbitrajea).

Arlo hauekin egiten da lan

Hernani, Urnieta eta Astigarragako Kontsumo Zerbitzu mankomunatuak honako sektore hauetan egiten du lan batik bat:

  • Xehekako salmenta merkataritza establezimenduetan: beherapenak, publizitate foiletoak, produktu aldaketak, muntatze eta instalatze arazoak eta abar.
  • Salmenta bereziak: erosketak katalogo bidez, etxera etortzen diren saltzaileak...
  • Laguntza teknikorako zerbitzuak: etxetresna elektrikoak, igogailuen konponketak…
  • Etxeko zerbitzuak: igeltsero, iturgin, elektrizitate, margotze lanak, butanoa...
  • Arropa garbitegiak
  • Garraioak: txartelen erosketa, ekipajea galtzea...
  • Bidaia konbinatuak: arazoak ostatuekin, bertan behera uzteak eta abar.
  • Automobilak: ibilgailuen salerosketa, konponketak tailerretan...
  • Etxebizitza: arazoak akaberekin, akats ezkutuak, salerosketa kontratuak; hipoteka maileguak…
  • Aseguruak: kalte-ordainen ordainketa, arazoak polizekin, kontratuen interpretazioa...
  • Banka: banku komisioak,kontratuen interpretazioa...
  • Lanbide liberalak: abokatuen ordainsariak, dentistak, medikuntza pribatua...
  • Telekomunikazioak: huts egindako konexioak 
  • Internet: arazoak tarifa finkoarekin,  hornitzaileen inguruko informazioa eta abar.