Skip to Content

Webgunearen titulo eta logoa

Urnietako udalaren logotipoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [en]

Barruko horrien irudia

Nested Applications

Asset Publisher

Urnietako Udalak Aldundiari lagako dio Babiloniako lursaila, adinekoentzako egoitza eraikitzeko

2023·03·29


Urnietako alkateak, Jorge Seguradok, eta Gizarte Politikako diputatuak, Maite Peñak, lankidetza protokolo bat sinatu dute gaur goizean. Bertan, Udalak Aldundiari Babilonia izeneko eremuko lursail bat lagatzeko konpromezua hartu du Aldundiak adinekoen egoitza eraiki ahal izateko. Udalak hasia du orube hori zuzeneko okupazioaren bidez eskuratzeko prozesua, eta behin partzela Aldundiaren esku egonda, eskualdeko beharrei erantzungo dien gizarte baliabidea sortzeko prozesua martxan jarriko litzateke. Urnietako udalak atzoko, martxoaren 28ko, osoko bilkuran onartu zuen partzelaren lagapenerako konpromezua, eta bi erakundeen arteko elkarlanarekin jarraituz, adineko pertsonei zuzenduta egongo den egoitza zentro bat garatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Sinaturiko protokoloarekin, foru erakundeak bere gain hartuko du egoitza eraikitzeko proiektua. “Hitza eman genuen eta bete egingo dugu. Lursailaren lagapena da Urnietako egoitza sortzeko lehen urratsa, eta konpromezu honekin elkarlanean jarraituko dugu hemendik aurrera ere proiektu hau modu partekatuan garatzeko, Urnietako eta Beterri-Buruntzako beharrei erantzunez”, adierazi du Maite Peña diputatuak. Jorgek Seguradok bere aldetik akordio honen garrantzia azpimarratu nahi izan du: “sortzen diren behar sozialei erantzutea eta baliabideak egokitzen joatea da erakundeon eginbeharra. Azken urteetan nabarmen handitu da bizi itxaropena, 65 urtetik gorako gero eta herritar gehiago ditugu, hurrengo urteetan mendekotasuna handitzen joatea aurreikusten da eta testuinguru horretan, guretzat oso berri pozgarria da herrian bertan adinekoenkontzako egoitza bat eduki ahal izatea”.

Pisu Sozialak eta Elkarteen Etxea

Hori ez da Urnietan gizarte arloan martxan den proiektu bakarra, izan ere, gaur goizean egindako bisitan, Babiloniako eremua bisitatzeaz gain, Elkarteen Etxea eta adineko pertsonentzat, desgaitasuna dutenentzat eta bazterkeria arriskuan daudenentzat  bideratuta egongo diren apartamentuak ikusi dituzte bi erakundeetako ordezkariek. “Gizarte arloan proiektu desberdinak ditugu martxan Urnietan, lekuko zaintza ekosistemari oso ekarpen baliotsua egingo diotenak”, adierazi du Peñak. Alkateak bestalde, proiektu hauek garatu ahal izateko jasotako laguntza eskertu nahi izan du: “alor sozialean indar berezia jartzen ari gara inor atzean ez uzteko, eta horretarako, guretzat ezinbestekoa da erakundeen arteko elkarlana. Horrenbestez, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskerrak eman nahi nizkioke proiektu hauek guztiak herrian garatzea posible egin duelako, izan ere, modu horretan Urnieta garatzen eta hobetzen jarraituko dugu”.

San Juan 42n kokatzen den eraikinaren eraberritzea amaitzear da. Eraberritzearen ondoren, herriko gizarte-politiketako hainbat zerbitzu hartuko ditu eraikinak, adinekoentzako eguneko arreta-zerbitzua eta zaintzaileentzako laguntza-taldea, hain zuzen. Halaber, Denda Berri jubilatuen elkarteari zerbitzua ematen jarraituko du, eta herriko beste elkarte batzuek ere haien espazioa izango dute bertan, belaunaldien arteko harremanak eta elkarteen arteko lankidetza sustatuz. Udala gauzatzen ari den lanek 900.000 euroko aurrekontua dute Aldundiak lagunduta.

Bestalde, Errekalden pisu sozialak eraikitzeko lanak hastear daude. Sei apartamentu sortuko dira intentsitate baxu eta ertaineko jarraipena behar duten pertsonei bideratuta egongo direnak. Hiru perfil bereizi dira etxebizitza hauetarako: mendekotasun maila baxua duten 65 urtetik gorako herritarrak, desgaitasuna izanik mendekotasun maila baxua duten eta laguntza beharra duten pertsonak, eta bazterkeria arrisku egoeran dauden eta premiazko beharrak dituztenak. 1.185.000 euroko inbertsioa egingo da ekipamendua egokitzeko eta obrek 8 hilabeteko iraupena izango dute. Beraz, urte amaierako lanak amaitu eta lehen erabiltzaileak sartzea aurreikusten da.

Zaintza ereduaren eraldaketa

Maite Peña diputatuak azaldu du Etorkizuna Eraikiz ekimenaren, Gipuzkoa 2020-2030 Agendaren eta Liburu Berdearen esparruan, zainketa eredu berrirako trantsizioa gauzatzea Aldundiaren “erabateko lehentasuna” dela, eta lurralde osora iritsiko den “aldaketa sistemikoa bultzatzen” ari dela. Horretarako, abian da ibilbide orri zehatz bat, egoitzak bizikidetza-unitate txikietan oinarritutako zentro bihurtzen lagunduko duena, arreta pertsonalizatuan, berrikuntzan eta komunitatearekiko loturan indarra ipiniz. 

Epe ertain eta luzerako ikuspegiarekin, Gipuzkoako 30 egoitza zentrotan sustatuko dira plazak birmoldatzeko, sortzeko eta egokitzeko proiektuak; bai sareko egoitzetan, bai zentro berrietan. Datozen urteetarako 19 zentrotan egokitzapen obrak egitea aurreikusten da. Gaur egun 3 zentro berri daude eraikitze prozesuan, 3 obren kontratazio fasean daude eta, 2030era begira, beste 5 egoitza sortzea aurreikusten da. Horietako bat izango da hain zuzen, Urnietako egoitza berria.

Diputatuak gogorarazi du Gipuzkoan emandako jauzia “erabakigarria” dela, duela 7 urte baino gehiagotik lantzen ari den eraldaketaren esparruan. Azaldu duenez, “zaintzaren arloan ematen ari garen aldaketa, pandemiaren ondorioz bizkortu bada ere, erakunde eta pertsona asko eta askok egindako lanaren emaitza da. Hori posible da soilik punta-puntakoa eta aitzindaria den gizarte politiken eredu bat dugulako Gipuzkoan, erakunde desberdinen eta hirugarren sektore sozialarekiko lankidetzan oinarritua”. 

Asset Publisher

Youtube osoko bilkura

Jarrai gaitzazu Youtuben

Banner Informazio guztia eskura klik batean

INFORMAZIO
GUZTIA ESKURA
KLIK BATEAN

  Twitter   Facebook   YouTube

Banner Berrittu

Agenda kulturala

AGENDA