Nested Applications
Albisteak
Back Urnietako lokal hutsak berraktibatzeko eta jarduera berriak abian jartzeko egitasmoa
2021·03·03
Urnietako Udalak udalerriko lokal hutsak dinamizatzeko kanpaina jarri du abian. Proiektu hori 2019tik ari da lantzen, Urnietan merkataritza-jarduera berriak hasteko asmoa duten pertsonei laguntzeko asmoz. Helburua da udalerriko merkataritza-jarduera berreskuratzea hutsik dauden lokaletan negozioak berriro irekiz.
Pegatina arrosa erakusleihoetan
Ekimen honetan parte hartzen duten lokalen kanpoaldean arrosa koloreko bereizgarri bat jarri da, eta bertan zehazten da lokal huts bakoitzean jardueraren bat jarri nahi duten pertsonek non aurki dezaketen informazio guztia. Horretarako bi aukera daude. Alde batetik, kartelean dagoen QR kodearen bidez lokalari buruzko informazioa eskaintzen den webgunera joatea, eta bestetik, guztion.urnieta.eus web orrira zuzenean sartzea.
Webgunea lokal hutsen gaineko informazioarekin
Bestalde, atal berezi bat sortu da Urnietako Udalaren webgunean, herriko lokal hutsei buruzko informazio guztia jasotzen duena: argazkia, helbidea, alokatzeko edo saltzeko dagoen, kasu bakoitzean izango lukeen prezioa, lokalaren azalera eta lokalaren planoa.
Gainera, informazio hori aztertu ondoren interesik izanez gero, lokala bisitatzeko eta jabearekin harremanetan jartzeko zer egin behar den zehazten da. Era berean, jarduera bat martxan jartzeko eman beharreko pausoak jasotzen dituen gida bat aurki daiteke, eta lizentzia eskatzeko harremanetarako modua ere ematen da.
Lanketa lokalen jabeekin
Proiektua bideratzeko lehen urrats gisa, kanpainaren berri eman zitzaien udalerrian lokal hutsak dituzten jabeei. Ondoren, Udalak lan sakona egin zuen ekimenera atxiki zirenekin, eta arkitekto baten laguntzaz lokal bakoitzaren fitxa teknikoa egin zen, establezimenduaren egoera, ezaugarriak eta baldintzak zehaztuz.
Informazio guztia bildu, webgunea sortu eta pegatinak lokaletako erakusleihoetan jarri ondoren, proiektua martxan da. Orain, jendea animatzea eta lokalak eta herria dinamizatzea espero da.