Nested Applications
Albisteak
Back Udalak udal eraikinak irekiko ditu berriro astelehenetik aurrera
2020·11·13
- Segurtasun-protokolo zorrotzekin erabiliko dira, Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri guztiak aplikatuz.
- Egoerak kezkagarria izaten jarraitzen du Urnietan, eta funtsezkoa da erantzukizunez jokatzen jarraitzea, atzera ez egiteko.
Beherakada nabarmena izan du Urnietako 14 eguneko tasak 100.000 biztanleko azken egunetan, eta hori dela eta, Udalak duela ia 4 aste itxi zituen eraikinak berriro irekitzeko erabakia hartu du. Azaroaren 2an 2988,69ko tasa zegoen Urnietan, eta gaur berriz, 1243,94koa da tasa.
Bilakaera oso ona izan den arren, egoera kezkagarria da oraindik herrian, artean eremu gorriak markatzen duen 500eko tasatik urrun baikaude. Beraz, astelehenetik aurrera Sarobe, musika-eskola, frontoia, Gaztelekua, Gazte Informazio Puntua, liburutegia eta ikasgela zerbitzua herritarren eskura egongo badira ere, aipatutako leku horietako bakoitzean segurtasun-protokolo zorrotzak bete beharko dira, Eusko Jaurlaritzak azaroaren 6an argitaratutako azken dekretuan ezarritako arauak aplikatuz.
Eraikinak irekitzeaz gain, bertan ematen diren ikastaroak eta UdazkeneanK ekimenaren barruan kokaturiko kultur programazioa berrezarriko dira. Horrela, hilaren 21ean, Poxta Zahar elkarteak antolatuta, Izaki Gardenak musika taldeak Saroben eskainiko duen kontzertua ikusi ahal izango da, eta 22an berriz, Garikoitz Mendizabalek eta German Ormazabalek eskainiko dute kontzertua Saroben. Jarduera horiek guztiak ere Eusko Jaurlaritzak emandako arauak errespetatuz garatuko dira. Horiei jarraiki momentuz, kluben jarduerak bertan behera jarraitzen dute.
Arduraz jokatzen jarraitu behar da
Kutsatze kopuruak behera egin duenez, neurriak malgutu egin dira, baina Urnietan egoerak kezkagarria izaten jarraitzen du, inguruko herrietan bezala. Beraz, ezinbestekoa da erantzukizun osoz jokatzen jarraitzea, bestela, datuek berriro okerrera egiten badute, ostera ere neurri murriztaileak ezarri beharko baitira. Beraz, lan egin dezagun denok batera, norabide egokian jarraitzeko eta aurreko egoeretara atzera egin behar ez izateko.
Zentzu horretan, beste behin eskatzen da gizarte-harremanak ahalik eta gehien murrizteko. Era berean, jarraitu beharreko prebentzio-neurriak gogorarazten dira:
- Erabili musukoa uneoro.
- Eskuak maiz garbitu
- 1,5 metroko distantziak errespetatu
- Saihestu pilaketak
- Berrogeialdiak zorrotz egin.
- Sintomarik izanez gero, deitu Urnietako osasun-zentrora: 943 00 66 80.