Nested Applications
Asset Publisher
2023·11·29
Urnietako Udalak lankidetza hitzarmenak sinatu ditu herriko ikastetxeekin, sexuen hezkuntza, hezkidetza eta tratu onen programa garatzen laguntzeko.
Programaren helburu orokorrak honako hauek dira: emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna bultzatzea; mota guztietako indarkeria matxisten aurka sentsibilizatzea, detektatzea eta prebenitzea; bizikidetza bultzatzea eta lantzea; hezkidetzari eta sexologiari buruzko prestakuntza eta aholkularitza eskaintzea; eta orientazio profesional ez-sexista sustatzea ikasketak hautatzean.
Programaren jasotzaileak nagusiki ikasleak, irakasleak, gurasoak eta jangelako langileak izango dira eta besteak beste, jarduera hauek garatuko dituzte: prestakuntza tailerrak, irakasleentzako jarraipen bilerak eta aholkularitza saioak, gurasoentzako aholkularitza saioak eta berdintasunarekin lotutako ekintza bereziak.
Hitzarmenaren sinadura ekitaldian izan dira Jorge Segurado Urnietako alkatea, Aitziber Zipitria Egape HLH-ko zuzendaria, Amaia Amutxastegi Egape DBH-ko zuzendaria eta Jose Luis Pinedo Salestarrak-Magaleko zuzendaria.
Ondorengoak dira ikastetxe bakoitzak jasoko dituen dirulaguntzen zenbatekoak:
- Egape ikastola HLH: 3.385,00 euro
- Egape ikastola DBH: 3.710,00 euro
- Salestarrak-Magale: 7.405,00 euro