Nested Applications
Albisteak
Back Udalak hartutako neurriak Urnieta eremu gorrian sartu ostean
2021·07·07
Covid 19-ak eragindako kasu positiboen kopurua nabarmen igotzen joan da azken egunetan herrian Urnieta eremu gorrian sartu delarik, eta, ondorioz, egoera epidemiologikoa kezkgarria da berriro. Duela astebete, ekainaren 28an, Urnietako 14 eguneko tasa 100.000 biztanleko 16,11koa zen, eta atzo berriz uztailaren 6an, 724,75n kokatu zen.
Udalaren neurriak uztailaren 7tik aurrera ezarriko dira indarrean
Horrela, beste batzuetan bezala, Udalak neurriak hartzea erabaki du joera negatiboa iraultzeko eta egoerak okerrera egin ez dezan. Neurriak gaur sartuko dira indarrean eta Urnietak eremu gorrian jarraitzen duen bitartean iraungo dute. Testuinguru honetan, Udalak zuhurtzia eta erantzukizun osoa eskatzen die herritarrei beste behin, eta prebentzio-neurri guztiak zorrotz betetzearen garrantzia azpimarratzen du.
Hartutako neurrien artean, parkeak erabiltzeko ordutegia murriztea dago. Hala, arratsaldeko 20:00etatik goizeko 9:00etara itxita egongo dira. Bestalde, hemendik aurrera ezingo da udal-lokaletan ekitaldirik antolatu.
Bertan herritarrentzako arreta-bulegoak, berriz, zerbitzua ematen jarraituko du, baina herritarrei gomendatzen zaie benetako beharrizana dagoenean bakarrik joan daitezela, garrantzi berezia ez duten gaietarako modu telematikoa eta telefono bidezko deiak lehenetsiz.
Kiroldegiak eta igerilekuak irekita jarraituko dute aurrez hitzordua eskatuta eta protokolo guztiak zorrotz beteta. Hitzorduak hartzeko Udaleko web orria eta APP erabil daitezkeela gogorarazten da.
Ikasgelan mahai bakoitzean pertsona bat baino ezingo da egon. Liburutegian ere irizpide bera jarraituko da.
Neurriak zorroztu
Txertaketak aurrera jarraitzen duen arren, eta ospitaleetako presioa jaitsi den arren, ikusi da birusak gure artean jarraitzen duela, eta argi dago inmunitatea lortu arte ezin garela erlaxatu. Horrenbestez, egoerak okerrera egin ez dezan, funtsezkoa da gutako bakoitzak jokabide egokiak izatea eta arduraz jokatzea osasun-agintariek adierazitako prebentzio-neurri guztiak zorrotz errespetatuz horrek eragin zuzena baitu guztien ongizatean. Beraz, izan gaitezen arduratsuak eta zaindu gaitezen.
- Erabili musukoa kalean 1,5 metroko distantzia bermatu ezin den kasu guztietan.
- Eskuak maiz garbitu
- 1,5 metroko distantziak errespetatu
- Saihestu pilaketak.
- Berrogeialdiak zorrotz egin.
- Sintomarik izanez gero, deitu Urnietako osasun-zentrora: 943 00 66 80.