Nested Applications
Asset Publisher
2021·05·05
Urnietako Udalak bi parte hartze prozesu gauzatuko ditu 2021.urtean. Bat, herriko zein plaza edo parke estaliko den erabakitzeko, eta bestea berriz, hurrengo urteko aurrekontuko 150.000 euro zertan gastatu erabakitzeko.
1-Parke edo plaza estalia
Prozesu honek hiru fase izango ditu.
- Herritarrek zein plaza edo parke estali nahi duten bozkatu beharko dute.
- Ideien lehiaketa bat jarriko da martxan estaltzea erabaki den eremua nola estali erabakitzeko. Jasotzen diren proposamen guztien artean hiru aukeratuko dituzte Udaletxeko teknikariek.
- Hiru aukera horien artean bozkatu beharko dute herritarrek.
Lehen fasea
Orain lehen fasea gauzatuko da, hau da, estaliko den eremua erabakiko da. Udaleko teknikariek herrian dauden plaza eta parkeetatik estaltzeko aproposenak ikusten dituzten zazpiekin azterketa bat egiten dute. Hala, hautatuak izanez gero, zazpi plaza edo parke horietan zein azalera eta eremu estaliko liratekeen, eta lanek gutxi gorabehera zein kostu izango luketen adierazten da.
Dena den, zazpi plaza eta parke horietatik aparte, herrian dagoen beste edozein ere proposatu dezakete herritarrek estaltzeko, bozkaketa guztiz irekia baita.
Yurramendi parkea
- Estaliko den eremua: 330m2
- Aurrekontua: 150.000 euro
Plazido Muxika plaza
- Estaliko den eremua: 440m2
- Aurrekontua: 160.000 euro
Etxeberri parkea
- Estaliko den eremua: 400m2
- Aurrekontua: 140.000 euro
Jakutegi plaza
- Estaliko den eremua: 470m2
- Aurrekontua: 170.000 euro
Azkorte parkea
- Estaliko den eremua: 190m2
- Aurrekontua: 85.000 euro
Burnibide parkea
- Estaliko den eremua: 435m2
- Aurrekontua: 170.000 euro
San Juan Iturri plaza
- Estaliko den eremua: 250m2
- Aurrekontua: 110.000 euro
2-Aurrekontu irekiak
Udalak herritarrak entzun nahi ditu aurten ere, eta hala, urnietarrek haien ideiak, proiektuak eta proposamenak aurkezteko aukera izango dute 2022ko aurrekontuko 150.000 euro zertan gastatu erabakitzeko.
Prozesu honek bi fase izango ditu.
- Herritarrek proposamenak aurkeztuko dituzte.
- Udaleko teknikariek jasotako proposamenen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertuko dute eta lehenetsi egingo dituzte 2022.urtean gauzatzeko.
Nolako proposamenak aurkez daitezke?
- Udal-eskumenekoak diren proposamenak, jarduera-arlo hauei lotuta: obrak, hirigintza eta mantentze-lanak.
- Ekonomia edo/eta teknika aldetik bideragarriak diren proposamenak. Gauzatzeko 50.000€ (BEZa barne) baino gehiagoko kosturik ez dutenak.
- Iraunkortasun ekonomikoa eta finantzarioa bermatzen dituzten proposamenak.
- Urnietan bizi diren herritar guztien interesa norberaren interesen gainetik jartzen duten proposamenak.
- Udalerriko auzoen arteko oreka bermatzen duten proposamenak.
Nork parte hartu dezake bi parte hartze prozesuetan?
Urnietan erroldatutako edozein pertsonak, 16 urte baino gehiago izanez gero.
LH6
Udalak herritar guztien artean errotu nahi du parte hartze kultura, baita 16 urtetik beherakoen artean ere. Horretarako, bide hori jorratzen hasteko ikastetxeen bidez lanketa bat egingo da aurten aurrekontu irekien prozesuaren barruan herriko LH6ko ikasleekin. Egapeko eta Magaleko ikasleek parte hartuko dute eta lan pedagogikoa egiteko saio bereziak gauzatuko dira, prozesu parte-hartzaileak zer diren eta zertarako balio duten azalduz. Funtzionamendua ere azalduko zaie, eta beren proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte aurrekontu irekien prozesuan.
Udalak aurrekontu irekien prozesura bideratutako 150.000 euroen %10 Urnietako Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleek egindako proposamenak gauzatzeko erabiliko du, hau da, 15.000 euro.
Ikastetxeekin gauzatuko den prozesu honetarako informazio-euskarri bereziak prestatuko dira. Prozesua amaitzean, esperientzia berri hau aztertuko da, baina hasiera batean helburua da bide horri jarraipena ematea eta datozen urteetan 16 urtetik beherako pertsonak prozesu horietan sartzen jarraitzea.
Noiz arte bidal daitezke proposamenak?
Parke edo plazen prozesuan bozkatzeko edo aurrekontu irekien prozesuan proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 5ean irekiko da eta maiatzaren 23an itxiko da.
Parte hartzeko bideak
Aurrez aurre
- Formularioa herriko toki desberdinetan kokatutako kutxetan utziz: Bertan, Lekaio, Kiroldegia, Jubilatuen Egoitza, Egape ikastola (Lizardi eta Azkorte) eta Magale ikastetxea (Presentacion).
- Formularioa udalerriko hainbat tokitan jarrita dauden postontzietan utziz.
- Maiatzaren 14ean eta 15ean informazio karpan:
Maiatzaren 14an (ostirala): 10:00etatik 14:30era Etxeberri plazan.
17:00etatik 20:00etara Guria tabernaren inguruan.
Maiatzaren 15ean (larunbata) 10:00etatik 14:30era San Joan plazan.
Maiatzaren 14an photocall bat egongo da informazio karpan, anima zaitez eta gerturatu!
*Covid 19ren ondorioz bizi dugun egoerak ahalbidetzen badu.
Online
- Udaleko webgunean dagoen formulario digitala betez.
- Urnietako APP-aren bitartez.
Emaitzen jakinarazpena
Bestalde, emaitzen itzulketa egingo da. Aurrekontu irekien kasuan informazio liburuxka bat sortuko da herritarrek eginiko proposamenetatik Udaleko teknikariek zeintzuk lehenetsi dituzten jakinarazteko eta prozesura bideraturiko 150.000 euroekin egingo diren hobekuntza guztiak komunikatzeko.
Plaza eta parkeen kasuan berriz, bozketaren ostean herritarrek zein eremu estaltzea erabaki duten jakinaraziko da, eta ondoren, estaltzeko modua erabakitzeko aukeran emango diren 3 proposamenekin folleto berri bat sortuko da. Azkenik, aukeraturiko ereduaren jakinarazpena egingo da.
Aurreko urteetako parte hartze prozesuetan jendearen erantzuna oso ona izan da, eta oraingoan ere jendeak erantzutea espero du Udalak. Parte hartzera animatzen ditu herritarrak, haien beharrak ezagutzeko eta Urnieta denon artean eraikitzen jarraitzeko.