Nested Applications
Albisteak
Back Nekane Orkaizagirre: “On Bizi indartzeko eta herria girotzeko lanean ari gara”
2022·12·02
Nekane Orkaizagirrek herriko merkataritza dinamizatzeko lanetan dihardu urriaren 10az geroztik On Bizi elkartearen eskutik. Azken urteetan garaturiko kontsumo ohitura aldaketen eta digitalizazioaren ondorioz gertuko komertzioa egoera zaila igarotzen ari den arren, On Bizi elkartea erreferente bihurtzen saiatzeko, herria girotzeko eta egoera iraultzeko lan egingo duela kontatzen du.
Nola joan dira lehen asteak?
Ondo joan dira. Lehenengo urratsa nire burua aurkeztea eta herriko merkatariak ezagutzea zen. Komertzioz komertzio joan naiz konfidantza trasmititzen saiatuz eta harrera ona izan dut, oro har. Herrikoa naiz, merkatari baten alaba gainera, eta, beraz, badakite herria eta testuingurua ezagutzen ditudala. Herriko merkataritzaren egoera ez da erraza eta iniziatiba duen pertsona gazte bat dinamizazio lanean hasi izana positiboki hartu dutela uste dut.
Zeintzuk dira zure zereginak?
Merkatariekin bildu naizenean inkesta bat pasatzeko aprobetxatu dut beraien beharrak eta hutsuneak zein diren ezagutzeko. Helburua da, gero ekintza plan bat eta estrategia bat marraztea hutsune horiei konponbide bat ematen saiatzeko.
Bestalde, aholkularitza eskaintzen dut merkatariek dituzten zalantzen inguruan eta ni izango naiz administrazioekin kudeaketa eramango duena. Dirulaguntzen gestioa ere nire gain egongo da.
Non dago On Biziren bulegoa?
Idiazabal 13-n, lehen Gazte Informazio Punta zegoen lekuan, KZgunearen ondoan.
Nori zuzendutako bulegoa da?
Gune irekia da eta edonor etor daiteke, baina batez ere, merkatariei zuzenduta dago bulegoa.
Zein da ordutegia?
Astelehenetik ostiralera egoten naiz 8:00-15:00 bitartean. Gainera beste komunikazio kanal batzuk ere baditugu: telefonoa (644177697), emaila (urnietaonbizi@gmail.com) eta sare sozialak (Instagram eta Facebook). Beraz, ordutegi horretan etorri ezin dutenek beste bide horien bidez nirekin harremanetan jartzeko aukera dute, eta sare sozialak jarraitzen dituztenek gure ekintzen berri izango dute.
Zenbat establezimendu dira On Biziren parte momentu honetan?
Orain 37 sozio daude, eta, gero, beste talde bat dugu kezkak elkarbanatzeko, eta hor 76 gara.
Beraz, pixkanaka On Bizira gero eta merkatari gehiago batzea izango da helburua ezta?
On Bizi herriko erreferente bihurtzea nahi dugu eta horretarako garrantzitsua da jende gehiago batzea. Merkatari bakoitzak bere arazoei bere kabuz egiten die aurre ahal duen moduan nahiz eta askoren arazoak berdinak izan. Beraz, arazoak kolektibizatuta errazagoa izango litzateke erantzun orokorrak ematea eta irtenbide orokorrak topatzea.
Maiatzean aurkeztu zen Udalak eta On Bizik Ikertalde enpresarekin elkarlanean landutako Merkataritza Indarberritzeko Plan Berezia, eta pentsatzen dut hori ere baliagarria suertatuko dela.
Bertan argi geratzen zen azken urteetan nabarmen aldatu dela bizitzeko eta kontsumitzeko modua. Covid-19ak eragindako egoerak zeresana izan du horretan. Gainera, trantsizio digitalak ere pisu handia hartu du, eta online erosketetarako joera nabarmen hazi da. Horretaz gain, urnietarren %50ek udalerritik kanpo egiten ditu erosketak. Beraz, egoera ez da erraza, baina egoera horri aurre egiteko, On Bizi indartzeko eta herria girotzeko lanean ari gara.
Herria girotzeko asmo horretan ari zarete zerbait prestatzen?
Egunean behin lehiaketa martxan dugu. Bertan parte hartzen duten lehen 10 sailkatuen artean 30 euroko 3 bono zozkatuko ditugu abenduan. Halaber, Euskal Herriko mus txapelketan parte hartuko du Urnietak eta bertako kanporaketa On Bizik kudeatuko du.
Gabonetako eskaparate lehiaketa ere abian da. Herriko komertzioek haien eskaparateak atondu beharko dituzte Gabonetako apaingarrikin eta On Biziko kide direnek elementu komun bat ipiniko dute herritarrek identifika ditzaten. Bestalde, abenduaren 10erako hainbat ekintza prestatuko ditugu eta urtean zehar dinamika desberdinak aurrera eramango dira.
Zer egongo da zehazki abenduaren 10ean?
Zaldundegi plazan azoka jarriko dugu eguerdian. Egape ikastolak janari postua ipiniko du ikasturte amaierako bidaiarako dirua lortzeko. KM0-ko ekoizle batzuk, Itsaspe, frutería Toñi, Osane, Karmen, Lekar estilistas eta Suiara estetika ere egongo dira. Baita, gorputzaren zaintzara bideraturiko postu bat ere, eta Ikasmin akademiak liburuak saltzeko puntu bat jarriko du. Hori guztia Kantazaunek girotuta egongo da, eta, gainera, 3 saski zozkatuko dira 14:00etan azokan erosketak egiten dituztenen artean. Halaber, On Biziren poltsak banatuko dira eta umeentzako tailerrak egingo dira 12:00etan hasita.
Arratsaldean berriz, taloa eta gaztainak dastatzeko aukera egongo da. Eta, azkenik, arratsaldeko 19:30ean kalejira Elektropottotte elektrotxarangarekin. Egun polita izango da.