Nested Applications
Asset Publisher
2020·10·02
Mozio desberdinak onartu ziren asteazkenean Urnietako Udaletxean ospatu zen udalbatzarrean eta baita erakunde adierazpen bat ere, Moria pertsona errefuxiatuen eremuan gertatutako sutea dela eta EH Bilduk aurkezturikoa, hain zuzen. Adierazpen horrekin bat egin zuten EAJ-k eta PSE-EE-k. Aurkezpenean azaldu zen moduan, 5 urte dira Morian, Grezian, errefuxiatuentzat eremua sortu zenetik, eta gaur egun, 12.000 pertsona hartzen ditu eremuak, baliabide falta handiarekin eta eraso ultraeskuindarrak pairatzen dituztelarik. Gainera, sutearen ondorioz bertako pertsonek alde egin behar izan dute eta jendea sakabanatuta dago inongo baliabiderik gabe. Egoera lazgarri horren aurrean elkartasun osoa adierazi zien Urnietako Udalak gatazka politiko eta militarren ondorioz haien herrietatik ihes egin behar duten pertsonei, eta halaber, pertsona errefuxatuak hartzeko prestutasuna agertu beharra azpimarratu zuen, baita harrera planak garatzen laguntzekoa ere.
Pobrezia desagerrarazteko nazioarteko egunari buruzkoa izan zen onartutako mozioetako bat, urriaren 17an ospatuko da egun hori. Kasu honetan, EAJ-ren mozioa atera zen aurrera EH Bildu eta PSE-EE-ren abstentzioarekin, izan ere, Bilduk aurkezturikoak ez zuen EAJ-ren babesik izan. Dena den, guztiek bat egin zuten adieraztean oso larria dela milioika pertsona muturrreko pobrezian bizitzea eta azpimarratu zuten egoera hori ekiditeko eta inor atzean ez uzteko neurriak hartzen jarraitu behar dela, eta finean gizarte solidarioago bat eraikitzen saiatu behar dela. Zentzu horretan, EAJ-k adierazi zuen Euskadin egindako ibilbideak erakusten duela gizarteratzeko politikak abiarazteko mailan komunitate aitzindaria garela, nahiz eta horrek ezin dizkigun begiak tapatu eta lanean jarraitu behar dugun.
Udal talde sozialistak hirugarren sektoreko erabileratik bizitegirako erabilera aldatzeko jarduketak arautzen dituen ordenantza betetzeari buruz aurkezturiko mozio berriz, aho batez onartu zen. Alderdi sozialistak azaldu zuen Lizardiko 15. zenbakiaren aurrean dagoen edukiontzien irla etxebizitza horretatik oso gertu dagoela, eta tresnak eta altzariak sarritan bere horman uzten dituela jendeak, indarrean dagoen ordenantza bete gabe eta eragozpen handiak sortuz.
Erabilera komertzialeko lokal izatetik etxebizitza izatera igaro zen eraikin hori duela urte batzuk, eta ondorioz, higiene- eta bizigarritasun-baldintza egokiak izan behar dituela zehaztu zuen alderdi sozialistak. Horretarako ordenantza betearaztea eta irtenbide bat ematea eskatu zuen. Bat egin zuten jarrera horrekin beste bi alderdiek ere eta Gobernu Taldeko bozeramaileak azaldu zuen teknikoki irtenbide egoki bat emateko lanketa egiten ari direla, eta bolumen handiko hondakinen gaineko kanpaina bat egiteko asmoa dutela.
Mozio horiez gain, beste hainbat puntu onartu ziren atzoko bilkuran. Esate baterako, Trafikoko Buruzagitza Nagusi eta EUPFren arteko informazio trukerako eta elkarrekiko administrazio-lankidetzarako hitzarmena. Horri esker, trafikoarekin edo ibilgailuekin loturiko kudeaketa guztia zuzenean Udaletxean egiteko aukera izango dute herritarrek trafikora joan beharrik izan gabe, Udalak bitartekari lanak egingo baititu. Puntu honek hiru alderdien babesa izan zuen
Gidoi berbera izan zuen Mañeroren fabrikara sartzeko bide zaharra jabari eta erabilera publikotik desafektatzeko erabakiak ere. Hala, bide horren kalifikazio juridikoa aldatzea onartu zen, jabetzako lur eta erabilera publikokoa izan beharrean, ondaretzat joko da aurrerantzean.
Bestalde, EH Bildu taldeko ordezkari gisa Antolakuntzako Informazio Batzordean parte hartu behar duten udalkideen aldaketaren berri eman zen. Aurrerantzean, Ainara de Miguel eta Nekane Ubillos izango dira EH Bilduko titularrak batzorde horretan.
Azkenik, herriko puntu desberdinetan asteburuan agerturiko pintadak eta pankartak salatu zituzten EAJk eta PSE-EE-k alderdi jeltzaleak aurkezturiko mozioaren bidez. Hormetan azaldutako pintadak Ertzaintzaren aurkakoak ziren eta pankartan ostera, Udaletxeko jaietako zinegotzia seinalatzen zen zuzenean. Bi alderdiek bat egin zuten ekintza horiek gaitzestean, gauzak hitz eginez konpontzen direla adieraziz eta inolaz ere ez modu horretan.
Puntu hori ez zegoen eguneko gai-zerrendan eta aurretik ospatu zen Bozeramaileen Batzordean landu ostean gehitu zen. EH Bildu bere aldetik mozioaren aurka agertu zen. Izan ere, metodoak txukunagoa izan beharko lukeela azaldu zuen, baina era berean adierazi zuen ez zegoela mezu horien aurka, nahiz eta pertsonen seinalizazioaren alde ez egon. EAJ-k tristura agertu zuen mozioa ez babesteko posturaren aurrean, pertsona bat seinalizatzea eta “zipaio” terminoa erabiltzea larria dela iritziz.