Nested Applications
Albisteak
Back Lizardi kaleko etxebizitza tasatu bat salduko da zozketa bidez
2023·02·10
Lizardi 13-ko beheko solairuan kokatzen den etxebizitza tasatu baten zozketan parte hartzeko aukera izango dute Etxebiden izena emanda dauden eta zenbait baldintza betetzen dituzten pertsonek.
Lehen lokal bat zen espazioa etxebizitza bihurtu zuen jabeak, eta udal ordenantzei jarraiki, tasatu izaera hartu zuen. Orain, ordenantza horietan zehazturiko prozedura jarraitu behar du ondorengo ezaugarriak dituen etxebizitza saldu ahal izateko:
- Araubide Bereziko Udal Etxebizitza tasatua. Hiri-finka, Lizardi Kalea, 13 Bj. A atean Urnietako Udalerrian.
- Gutxi gorabeherako azalera: 82,03 m2.
- Sartzeko araubidea: jabetzan.
- Salneurria: 155.000 €
Otsailak 24 izena emateko azken eguna
Etxebizitza hori jabetzan eskuratzeko interesa dutenek otsailaren 24 arte dute inskribatzeko aukera. Horretarako, zenbait betekizun bete beharko dituzte:
- Bizikidetza unitateko kide guztiek bete beharko dute aurreko bi urteetan beste etxebizitzarik ez izatearen baldintza, ez jabetzan ez bizi arteko gozamen eskubide errealaren bidez.
- Bizikidetza unitateko kideetako batek, gutxienez, azken 5 urteetan etenik gabe Urnietan erroldatuta egon behar du 2023ko otsailaren 2tik atzeraka, edota 10 urtetan etenak izanik ere, beti ere data horretan erroldatuta baldin bazegoen.
- Bizikidetza unitateko kideetako batek Urnietako udalerrian kokaturiko enpresaren batean etenik gabe azken 5 urteetan lanean ari bada. Baldintza hau Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak emaniko lan-aldien txostena aurkeztuz zurituko da.
Bestalde, araubide bereziko udal-etxebizitza tasatuen betekizun espezifikoak ere bete beharko dituzte.
- Erregimen bereziko udal etxebizitza tasatuen onuradunen gehieneko diru sarrera haztatuak ezin dira 50.700 € baino handiagoak izan.
- Erregimen bereziko udal etxebizitza tasatuen onuradunen gutxieneko diru sarrera haztatuak ezin dira 25.000 € baino txikiagoak izan.
Kalkulu horiek egiterako orduan 2021 urteko diru-sarrerak hartuko dira kontutan.
Izena emateko aukerak
Interesdunek ondorengo aukerak dituzte izena emateko:
- BERTAN herritarren arretarako bulegoan: astelehenetik ostiralera 7:30etik 14:30era.
- www.urnieta.eus egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoaren bidez.
Esleipen prozedura
Aurkeztutako inskripzioak ikusita, zerrenda bat egingo da jabetza hori eskuratzeko interesa agertu duten eskatzaileekin. Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da ondoren, udaletxeko iragarki taulan eta www.urnieta.eus webgunean.
Alegazioak aurkezteko epea amaitu eta bere kasuan horiek ebatzi ondoren, behin betiko zerrenda argitaratuko da, eta, azkenik, notarioaren aurrean egin beharreko zozketaren data jarriko da.