Nested Applications
Albisteak
Back Legegintzaldiko Plana onartu da, hurrengo lau urteetako jarduera politikoaren ibilbide-orria
2023·11·29
2023-2027 urteetarako Gobernu Taldeak landuriko Legegintzaldi Plana onartu zen atzo arratsaldean Urnietako Udalean ospatu zen udalbatzarrean.
Legegintzaldi Plana Urnietako Udaleko Gobernu Taldeak datozen lau urteetan izango duen jarduera politikoa planifikatzen duen dokumentua da. Bertan, Udalaren misioa, ikuspegia, balioak eta helburu estrategikoak zehazten dira. Hau da, Gobernu Taldeak udalerriari buruz duen ikuspegirantz aurrera egiteko estrategikotzat jotzen dituen ardatz nagusiak jasotzen ditu. Era berean, legegintzaldian garatu nahi diren estrategia zehatzak eta zein proiektu edo jarduera-ildotan oinarritzen diren zehazten dira.
Udalaren misioari dagokionez, udalaren baliabideak eta eskumenak kudeatuz, Udalak dagozkion erabakiak hartuko ditu herritarren bizi-kalitatea erraztu eta hobetzeko, kalitatezko zerbitzuak eskainiz, urnietarrak entzunez eta parte hartzean oinarrituz.
Ikuspegiari dagokionez, Urnieta herri bizia, berdea, berdintasunezkoa, erakargarria, eta identitateduna izan dadin lan egingo da. Bestalde, besteak beste, zintzotasuna, hurbiltasuna, apaltasuna, ekitatea, konpromisoa, bikaintasuna eta inplikazio, bezalako balioak sustatuko dira.
Helburu estrategikoak
Lan-ildo horiek helburu estrategiko zehatzak izango dituzte. Gazteentzako herri erakargarria eta aktiboa eskaintzeko lan egingo da. Adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko baliabideak sustatu eta gaituko dira. Berdintasuna bultzatuko da. Kolektibo kalteberen prebentzioaren eta gizarteratzearen eremua indartuko da. Ingurumenaren eta bere baliabide naturalen iraunkortasuna hobetzen jarraitzeko urratsak emango dira. Etxebizitza sustatuko da. Neurriak hartuko dira Urnieta gero eta herri irisgarriagoa izan dadin. Euskararen erabilera eta normalizazioa sustatuko dira. Tokiko merkataritza indartuko da. Belaunaldien arteko espazioak sortuko dira eta asoziazionismoa bultzatuko da. Herriko hezkuntza-zerbitzuak eta azpiegiturak bultzatuko dira. Urnietaren balio turistikoa eta kulturala udalerrian eta udalerritik kanpo sustatzeko eta ikusarazteko lan egingo da. Eta herritarren parte hartzea ere bultzatuko da.
Legegintzaldi Plana Gobernu Taldea osatzen duten EAJ-ren eta PSE-EE-ren aldeko bozkekin onartu zen. EH Bilduk berriz, aurka bozkatu zuen.
Miravalles industria eremua
Udalbatzarrean beste hainbat puntu ere onartu ziren. Esaterako, Udalaren jabetzako Miravalleseko lur eremuak lehiaketa bidez besterentzea industria eremu bat garatzeko. Excavaciones Peru S.L - Bagespe S.L.enpresa elkarteari esleituko zaio eremu hori 3.869.133 eurorengatik.
Industria eremuaren garapenarekin enpresa berriak iritsiko dira herrira bertako ekonomia indartuz eta urnietarrentzat lan aukera berriak sortuz. Era berean, salmentarekin eskuratuko den diruarekin herriarentzat estrategikoak diren proiktuak aurrera eramateko aukera izango da. Puntu hau ere EAJ-ren eta PSE-EEren aldeko bozkarekin atera zen aurrera. EH Bilduk aurkako bozka eman zuen.
Kiroldegiko kudeaketa eta garbiketa
Kiroldegiaren kudeaketa eta garbiketa esleitzeko espedientea eta berariazko klausula administratiboen pleguak eta preskripzio teknikoen onarpena aho batez onartu zen.
Kiroldegiko langileek hilabete batzuk atzera burutu zuten grebaren ostean, langileak eta zerbitzua ematen duen Bizkortzen enpresa akordio batera iritsi ziren. Udalak ere adosturiko aldaketa horiek ahalik eta azkarren indarrean jartzeko konpromisoa hartu zuen eta plegu hauek akordio horretako irizpideei egiten diote erreferentzia.
Hala, kiroldegiko kudeaketaren gastuak 530.737,26 eurora igotzea onartu zen. Garbiketako gastuak ostera, 163.020,59 eurora igoko dira.
Zaintza eta emakumeen aurkako indarkeria
Bestalde, euskal zaintza eredu sendo, eraldatzaile, feminista eta komunitario baten aldeko bi mozio aurkeztu ziren. Bat EAJ-k eta PSE-EE-k adosturikoa eta bestea EH Bildurena. Gobernu Taldeko kideena izan zen aurrera atera zena.
Eta azkenik, Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Egunari buruzko adierazpen instituzionala aho batez onartu zen, aurretik hiru alderdiek adostua izan baitzen.