Nested Applications
Asset Publisher
2024·09·11
Errekalde kalean eraiki diren iraupen luzeko laguntza etxebizitzak zerbitzua ematen ari dira erabiltzaileei udaran obra amaitu ostean. Gogoratu pertsona horiek nolabaiteko mendekotasun maila dutela eta gizarte zerbitzuetatik jasotzen dutela udal prestazioa.
Ekipamendu berri honi esker Udalak azken xehetasuneraino zaindu diren sei apartamentu ditu. Hala, herritarrei zainketen arloan ematen zaizkien zerbitzuak hobetu nahi dira, eremu horrek gizartean eta Udalarentzat duen garrantzia islatuz.
Proiektu garrantzitsu honek milioi bat eurotik gorako aurrekontua izan du eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetzari esker garatu ahal izan da.
Zerbitzua guztiz lerrokatuta dago zainketen eredu berriarekin. Eredu horren ardatzak pertsonalizazioa, berrikuntza, komunitatearekiko lotura eta ebaluazioa dira.
Era berean, Urnietako Udalak arlo sozialarekin eta pertsonen zaintzarekin duen konpromisoa berresten du. Ildo horretan, azpimarratu behar da Urnietako zaintza ekosistema berria lantzen ari dela Udala, datozen urteetan jarraitu beharreko ibilbide-orria markatuko duena.
Igogailua
Etxebizitzetara sartzeko igogailu bat ere eraiki da, funtzio bikoitza betetzen duena. Alde batetik, erabiltzaileei apartamentura sartzeko aukera ematen die, eta, bestetik, edozein herritar joan daiteke Idiazabal kaletik Errekaldera modu irisgarriagoan. Beraz, jendeari irekitako igogailua da, eta herritar guztiei emango die zerbitzua.