Nested Applications
Albisteak
Back Kultur eskaintza zabala Urnietan maiatzean eta ekainean
2021·04·29
Kultur ekintza anitzez gozatzeko aukera izango da Urnietan maiatzean eta ekainean. David Rosco Sustapeneko zinegotziak eta Luxia Iriondo kultur teknikariak eman dute ezagutzera hurrengo bi hilabeteetarako prestaturiko egitarau osoa eta azpimarratu dute denetarik eta denentzako izango dela: “dokumentalak, kontzertuak, bertso saioak, familia ikuskizunak eta antzerki emanaldiak izango ditugu, besteak beste” azaldu du Roscok eta gaineratu du, gazteek zein helduek topatuko dituztela haien intereseko ekintzak. Halaber, gogorarazi du, programa honetaz haratago, Lourdes Iriondo musika eskolako ikasturte amaierako hainbat erakustaldiez gozatzeko aukera izango dela.
Sarrerak eskuragai
Bestalde, Roscok adierazi du, programaturiko ekintza guztien sarrerak salgai daudela dagoeneko eta kontatu du interesa dutenek bi bide dituztela eskuratu ahal izateko: “alde batetik, Sarobeko bulegoan (astelehenetik ostiralera 9:00-13:00 eta 16:00-18:00) eta bestetik, bibe.me webgunean”.
Sarrerak online erosi nahi dituzten pertsonei begira argitu du, orrialde horretarako lotura zuzenak ipintzen dituela Udalak bere webgunean eta APP-an ekintza bakoitza iragartzen duen aldiro, herritarrei ahalik eta erraztasun gehien ematen saiatzeko.
Sarrerak zozketa bidez eskuratzeko aukera ere eskainiko du Udalak horretarako epea emanaldi bakoitza baino 15 egun lehenago irekiko delarik.
Segurtasun neurriak zorrotz beteta
Kultur ekintza horietan guztietan indarrean dagoen protokoloa zorrotz jarraituko dela nabarmendu du Roscok ikusleen osasuna lehenetsiz, izan ere, Covid 19-aren ondorioz bizi dugun egoera epidemiologikoa kezkagarria da une honetan. Beraz, “ezinbestekoa da erantzukizunez eta arduraz jokatzea, eta neurrik guztiak betetzea ekintzak normaltasunez eta segurtasunez garatzeko” esan du Roscok.
Amaitzeko herritarrak programa begiratzera eta prestaturiko ekintzez gozatzera animatu ditu.
DOKUMENTALA
“Dardara”
- Eguna: maiatzak 2
- Ordua: 19:00
- Lekua: Sarobe arte eszenikoen gunea
- Hizkuntza: euskara eta gaztelania
- Sarrera: 4 euro
Sinopsia: 25 urte taula gainean eman ondoren, eta taldearen unerik gorenean, Berri Txarrak-ek geldialdi mugagabea iragarri zuen, ibilbide oparo bati etena jarriz. Geratu aurretik, baina, azken bira bat egiteko nahia adierazi zuten, mundu osoko zaleak merezi bezala eskertu eta agurtzeko. Bidaia horretan Marina Lameiroren kamera izango zuten bidelagun, birak zaleengan sortutako dardara dokumental batean jasotzeko asmoz. Zinemagileak jarraitzaileon istorioekin irudi koral bat eraikiko du, etxetik hasi eta hainbat herrialdetako zaleen bizitzen txatalak tartekatuz: Mexiko, Japonia, Alemania, Estatu Batuak... denek ere pasio bera partekatuko dute: Berri Txarrak rock taldearen musika.
Hirukoaren kantuek utzitako lorratza ikusi ahal izango dugu pelikulan zehar; taldearen azken urratsen lekuko izanen gara; estilo, hizkuntza eta hainbat belaunaldi ezberdinen langak gainditu eta harago doan fenomeno baten unibertsaltasuna agertuko zaigu pantailan.
Lameirok Gorka Urbizuren letra eta hausnarketen gainean ardaztu du Dardara dokumentala. BTX-en kantuen sortzaile nagusiak idazteke dagoen etorkizun baten bertigoari —dardarari— aurre egin beharko dio orain. Orobat, musikaren indarrari eta pasioari buruzko pelikula ere bada hau —exijitzea zilegi den gutxieneko hori. Izan ere, horixe izan dute iparrorratz hasiera-hasieratik azken bira arte. Pasio horri esker lortu du Berri Txarrak-ek milaka lagunen bizitzaren parte garrantzitsu izatea.
KALE ANTZERKIA
“Por hacer un favor”
- Eguna: maiatzak 23
- Ordua: 19:00
- Lekua: San Joan plaza
- Hizkuntza: gaztelania
- Sarrera: doan
Sinopsia: “Mesede bat egiteagatik” kalerako piezan, hautagai politiko baten beldur eszenikoa gainditzeko coach batekin jarriko dira harremanetan. Honela, ikuslegoak meeting bat simulatuko duen saio terapeutiko batean parte hartuko du. Dudarik gabe umorea eta ironia nahasturik dituen ikuskizun zirikatzailea izango da.
BERTSO SAIOA
Gipuzkoako XLI Eskolarteko Bertso txapelketa
- Eguna: maiatzak 28
- Ordua: 19:00
- Lekua: Sarobe arte eszenikoen gunea
- Hizkuntza: euskara
- Sarrera: doan
Sinopsia: Gipuzkoako eskolarteko txapelketan guztira 20 bertsolari gaztek hartuko dute parte egingo diren lau kanporaketetan.
FAMILIA IKUSKIZUNA
“Adi, grabatzen, ekin!”
- Eguna: maiatzak 30
- Ordua: 18:00
- Lekua: Sarobe arte eszenikoen gunea
- Hizkuntza: euskara
- Sarrera: 3 euro
Sinopsia: Muxiri zinema asko gustatzen zaio. Oso aktore ona dela pentsatzen du, eta Tomax filma bat egiteko konbentzituko du. Hasteko Erdi Aroko eszena bat. Gero abentura bat mendian. Eta bukatzeko Piraten istorioa. Hau dena , beti bezala, umore, kantu, joko eta ikuslegoaren parte zuzenarekin.
ANTZERKIA
“La mudanza”
- Eguna: ekainak 6
- Ordua: 19:00
- Lekua: Sarobe arte eszenikoen gunea
- Hizkuntza: gaztelania
- Sarrera: 8 euro
Sinopsia: Bi bikotek etxea utzi behar dute: Pacok eta Emiliak 2011n, eta Mari Carmenek eta Emiliok 1961ean. Bi etxe-aldaketa, 50 urteko aldearekin. Pertsonaiak etxez ez ezik, bizitza-ikuspegiz ere aldatzera behartuta daude komedia honetan. Gizakiak bere nortasuna zigilatzeko nola heldu behar dien gauzei eta oroitzapenei aztertzen du La mudanza antzezlanak. Aldaketa gertu denean eta segurtasuna kolokan jartzen denean gizakia zaurgarritasunera hurbiltzen da. Botila erdi beterik ikustera gonbidatzen gaitu... botilarik ere ez den garaian.
MUSIKA
“Amak”
- Eguna: ekainak 12
- Ordua: 19:00
- Lekua: Sarobe arte eszenikoen gunea
- Hizkuntza: euskara
- Sarrera: 5 euro
Sinopsia: Amak amak dira eta lau. Lau trikiti edo lau pandero eta lau ahots. Lau izenen lehen letrarekin osatutako taldea eta, gainera, lauak amak dira. Amak ikuskizun biribila eskainiko duen taldea da: Alaitz Telletxea (Alaitz eta Maider), Maixa Lizarribar (Maixa ta Ixiar), Amaia Oreja (M-n Ezten) eta Kristina Solano (M-n Ezten). Euskal Herriko folk musikaren ertzak betiko moldeetatik atera eta proposamena gorpuztu nahi dute plaza arruntetatik kanpo. Ikuskizuna bitxia eskainiko digute trikiti, pandero eta ahotsen hamaika bariazio edo konbinazioekin, eta horrela lortuko dute kantuei formula berriak lantzea. Iparraldeko kantaerako ohituraren ikuspegiari gehituko dizkiete une berean astindutako lau trikiti eta lortuko den musika koloreak ikuslearen gozamena ekarriko du areto edo aulkiz betetako plazetan. Jaia bai baina agertokiari erreparatuta. Sentimendu handiko kantuekin eraikiko dute entzulearen arreta. Amak taldea ezohikoa da. Euskal Herria irudikatzeko aukerak eskainiko dituzte 50 minutuko errepertorioarekin. Kantu propioak, datozen jatorrizko taldeen kantuen bertsioak eta pot-pourriak osatuko dituzte, eta abesti klasiko batzuen moldaketak. Proposamen atsegin bat landuko du Amak taldeak eta dotorea, bai horixe.
ANTZERKI TAILERRA
“UBU las sonrisas son risas?”
- Eguna: ekainak 18
- Ordua: 19:00
- Lekua: Sarobe arte eszenikoen gunea
- Hizkuntza: gaztelania
- Sarrera: doan
Sinopsia: Aita UBU: eta zer gehiago, zer gehiago?
Ama UBU: kapelina bat!
Aita UBU: eta zer gehiago, zer gehiago?
Ama UBU: aterki bat eta gaban handi bat!
Aita UBU: eta zer gehiago, zer gehiago Ama Ubu?
Ba al du mugarik botere-irrikak? Edo hondorik gabeko zaku bat bezalakoa da, elikatzen duzun heinean handiagoa bihurtzen dena eta gehiago eskatzen dizuna?
FAMILIA IKUSKIZUNA
“Gora kasete”
- Eguna: ekainak 25
- Ordua: 18:00
- Lekua: Etxeberri plaza
- Hizkuntza: euskara
- Sarrera: doan
Sinopsia: Gora kasete piezan antzerkia eta musika nahasten dituzte. Izebaren urtebetetze eguna da, eta ospakizuna antolatzeaz gain bere bizitzako abestien bilduma egingo dute.