Nested Applications
Albisteak
Back Kiroldegiaren egoerari buruzko informazioa
2023·01·18
Udal kiroldegiko kudeaketa zerbitzua gauzatzen duen enpresako langileek deitu duten greba mugagabeak sortutako ziurgabetasun egoera dela eta, Urnietako Udalak hainbat punturi buruzko informazioa eman nahi du idatzi honen bidez.
Kontratazioa
Udalak, kiroldegi berriaren lanak amaitzear zirela, lehiaketara atera zuen kiroldegiaren kudeaketa eta garbiketa bi lote desberdinetan.
Lehiaketa publikoaren pleguak 2021eko azaroaren 30ean onartu ziren aho batez udalbatzarrean. Hau da, EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin.
Plegu horiek, legez, langileen soldata estaltzea jasotzen dute, hitzarmenaren edo enpresa itunaren arabera, gehi antzinatasunak, osagarriak, etab. Gainera, kontratuaren zenbateko estimatuaren barruan, kontratua bideragarria izateko beharrezkoak diren gainerako gastuak jasotzen dira. Baldintza agiriak Udalaren ustez zerbitzua modu egokian eman ahal izateko dauden beharrak ezartzen ditu.
Kasu honetan, Bizkortzen SL enpresak irabazi zuen lehiaketa, eta, azkenean, kontratua esleitu zitzaion.
Udalak enpresa bat kontratatzen du Urnietako kiroldegiaren kudeaketa zerbitzua gauzatzeko. Kontratu publiko horrek 2 urteko iraupena du, gehi bat, gehi bat luzapenarekin eta zenbateko jakin batekin. Horrek esan nahi du Udalak gutxienez bi urteko legezko konpromisoa duela, lehiaketaren pleguan ezartzen diren ezaugarri jakin batzuekin. Udalak ezin du esleipenaren zenbatekoa aldatu, ezta kontratua bere kabuz deuseztatu ere, justifikatutako arrazoirik gabe. Greba ez da deuseztatzeko arrazoi bat.
Esleipen hau Tokiko Gobernu Batzarrean egin zen 2022ko maiatzaren 5ean.
Desadostasunak
Uztailean Udalari jakinarazi zitzaion kudeaketa zerbitzua eskaintzen duten langileek lan gatazka bat dutela enpresarekin, lan hobekuntzak lortzeagatik.
Urrian, berriz ere jakinarazi ziguten desadostasunak bere horretan jarraitzen zuela, eta bitartekari lana egiten saiatzen da Udala, haien artean akordio batera irits zitezen. Udalak hainbat bilera antolatu ditu, eta bi alderdiei eskatu zaie adostasuna lortzeko.
Udala lanerako guneak sortzen saiatzen ari da, akordioak ahalik eta azkarren lor daitezen.
Halaber, legeak ahalbidetzen dizkion kontratu erraztasunak jartzen ari da Udala egoera honekin lehenbailehen amaitu ahal izateko.
Grebari dagokionez
Legeak ezartzen du kiroldegia ez dela funtsezko zerbitzua, eta, beraz, ez dago gutxieneko zerbitzurik. Enpresak lan gatazka du langileekin, eta, jakina, langileek greba egiteko eskubidea dute.
Udalak ezin du greba egitea erabakitzen duten langileek egin ohi duten ekintza edo lanik egin.
Horren aurrean, kiroldegiko erabiltzaileekin lan egin dugu, alternatibak bilatzeko eta beren jarduera ahalik eta modu egokienean garatzen jarraitzeko (klubak, eskola-kirola, etab.).
Bestalde, kiroldegiko erabiltzaileei abonuen eta ikastaroen kostuaren zati proportzionala itzuliko zaie.
Laster
Lanean jarraitzen dugu bi alderdiek beren jarrerak hurbildu ditzaten eta alderdi guztiak asebeteko dituen akordio batera iritsi ahal izan daitezen.
Udalak egoera hau lehenbailehen konpontzea nahi du, normaltasunera itzultzeko eta herritarrek udal instalazioez gozatu ahal izateko.