Nested Applications
Albisteak
Back Jorge Segurado Urnietako alkate izendatu dute
2023·06·20
Jorge Segurado Urnietako alkate izendatu zuten larunbat eguerdian egindako bilkuran. Bertan, Udala ere eratu zen, hamahiru zinegotzien kargu hartzearekin.
Seguradok –EAJ- berak eta -Euken Garmendiak -EH Bildu- aurkeztu zuten hautagaitza. Herme Gonzalez sozialistak aldiz, azaldu zuen ez zuela bere burua aurkezten, PSE-EEk eta EAJk hartutako akordioaren ondorioz. Gobernua osatzeko negoziatzen ari direla jakinarazi zuten bi alderdiek. Aldeko sei botorekin eta bi boto zurirekin Segurado Urnietako alkate izendatu zuten hurrengo lau urteetarako. Gainerako bost botoak Garmendiak lortu zituen.
Bere hitzaldian, Seguradok adierazi zuen alkate kargua hartzea erantzukizun eta harrotasun handia dela urnietar bezala, eta herritarren onura eta udalerriaren hobekuntza bilatuz gobernatzeko konpromisoa hartu zuen.
Bestalde, EH Bilduri eta PSE-EEri legegintzaldi berria harmonian garatzeko deia luzatu zien, elkarrizketan eta errespetuan oinarrituta. Eskua luzatu zuen hala izan dadin, eta argi utzi zuen bere atea irekita egongo dela beti edozein gai lantzeko eta adosten saiatzeko. Hala, Udaleko erabaki organo guztietan aktiboki parte hartzera gonbidatu zituen, adostasun handiagoa eta ikuspuntu pluralagoa eskuratzen saiatzeko.
Era berean, Herme Gonzalez eta Consuelo Frutosi eskerrak eman nahi izan zizkien hasten ari den aro berri honi begira erakutsiriko prestutasunagatik, eta gobernu indartsu eta egonkor bat osatzeko behar diren oinarriak lortzeko lan egiteko konpromisoa adierazi zuen, bere nahia guztiontzako aro emankorra eta aberasgarria izatea dela azalduz.
Gonzalezek berriz, esan zuen Urnietako Udalari egonkortasuna eman behar zaiola. Zentzu horretan adierazi zuen urnietarrentzat onuragarria izango den gobernu akordio bat lortzeko asmoz harremanak izaten ari direla.
Garmendiak, bere aldetik, bere proiektu independentista, feminista eta euskaltzalearen bidez herriarentzat onena dena bilatuko zutela esan zuen.