Nested Applications
Albisteak
Back Izena eman Mintzalagun egitasmoan eta praktikatu euskara
2021·02·25
Mintzalagun egitasmoa mintzapraktika programa bat da, euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak, euskaraz hitz egiteko ohitura ez duten pertsonekin elkartzen dituena. Azken finean euskara ikasten ari diren pertsonei gelatik kanpoko egoera batean euskaraz hitz egiteko aukera eskaintzea bilatzen da AEK-ren eta Urnietako Udalaren lankidetzari esker garatzen den programa honen bidez.
Astean ordubetez euskaraz egiteko txokoa
Dagoeneko zazpi urte igaro dira egitasmoa Urnietan martxan jarri zenetik. Harrezkeroztik bere bidea egin du ekimenak eta goruntz joan da pixkanaka, gero eta jende gehiago animatzen delarik bertan parte hartzera. Lagun giroan elkartuta ordubetez euskaraz aritzeko aukera eskaintzen da. Biltzen diren pertsonen artean bi talde bereizten dira. Euskara ikastera doazen pertsonei Bidelariak deitzen zaie, eta ikasketa prozesu horretan laguntzera doazen euskaldun zaharrei, berriz, Bidelagunak.
Hiru talde une honetan
Asteroko hitzorduetan eguneroko gaiei buruz hitz egiten dute eta oso giro ona sortzen da parte hartzaileen artean. Momentu honetan 3 talde daude Urnietan Mintzalagun egitasmoaren barruan.
- Astelehenetan, 15:30ean.
- Astearteetan, 19:00etan.
- Asteazkenetan, 20:15ean.
Segurtasun neurriak bermatuta
Bestalde, Mintzalagun egitasmoa garatzeko orduan Covid-19ari aurre egiteko protokoloa aplikatzen da partaideen segurtasuna bermatuz.
Izena eman
Interesa duten pertsonek ekimenera batzeko aukera dute oraindik. Horretarako ondorengo helbidera idatzi edo telefono zenbakira dei dezakete:
- urnieta@aek.eus
- 662 338 747