Nested Applications
Albisteak
Back Genero Indarkeriaren aurkako babes integrala emateko neurriei buruzko 1/2004 Lege Organikoa aldatzeari buruzko mozioa onartu da aho batez
2020·11·25
Urnietako Udalak Genero Indarkeriaren aurkako babes integrala emateko neurriei buruzko 1/2004 Lege Organikoa aldatzeari buruzko mozioa mozioa onartu zuen atzo arratsaldean ospaturiko udalbatzarrean Udalean ordezkaritza duten hiru alderdien arteko adostasun osoarekin.
EAJ-ren gobernu taldeak azaldu zuen lanketa handia egin dela, baina hau hasiera bat baino ez dela. Helburua biktimaren kontzeptua zabaltzea da, indarkeria matxistaren biktima guztiak legearen babespean egon daitezen. Horretarako hemendik aurrera bide luzea egin beharko da, baina denak batera egotea ezinbestekoa dela adierazi zuen alderdi jeltzaleak emakumeari mina egiteko kontestuan dauden biktima guztientzat errekonozimendu zabal bat lortzeko.
PSE-EE ere pozik agertu zen gaia puntu honetara arte iritsi delako eta burutu den lan guztiarengatik, eta legea aldatzeko hasiera izatea espero duela gaineratu zuen. Akordioa aho batez hartzearen garrantzia ere goraipatu zuen. EH Bildu ere norabide berean mintzatu zen egindako lana azpimarratuz eta ekarpenak bere bidea egitea espero duela adieraziz.
Bestalde, azaroaren 25erako Adierazpen Instituzionalaren proposamena aurkeztu zen, emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko eguna dela eta. Hiru alderdiek bat egin zuten data seinalatu horretatik haratago gaitz hori desagerrarazteleko lana urte osoan zehar egin behar dela adieraztean. Zentzu horretan, EH Bilduk berdintasun teknikariaren figura aldarrikatu zuen.
Udalbatzarrean onarturiko beste mozio bat motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei laguntzekoa izan zen. EAJ-k azalpenean adierazi zuen honen bidez 1978tik 1989ra Euskal Autonomi Erkidegoan motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan zituzten pertsonei, memoria, justizia eta erreparaziorako duten eskubidea aitortzea bilatzen dela Egiari Zor-en proposamenak planteatzen zuen moduan. PSE-EEk nabarmendu zuen garrantzitsua dela urte horietan Euskadiko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan zituzten biktimak aitortzea, eta gaineratu zuen gustatuko litzaiokeela giza eskubideen urraketen biktima guztiak aitortzea, data mugarik gabe, edozein arrazoi politiko ezin baita giza eskubideen gainetik jarri. EH Bildu biktima kontzeptua definitzeko lan sakona egitearen alde agertu zuen, aipatutako urteetatik kanpo biktima ugari baitaude. Puntu hau ere aho batez onartu zen.
Emaitza bera izan zuen Euskararen Nazioarteko Egunari buruz aurkeztutako adierazpen instituzionalaren proposamenak, baita berretsi behar ziren alkatetzaren dekretuek ere. Udal talde sozialistak udal finantzaketarako foru funtsari eta zorpetzeari buruz aurkeztutako mozioari dagokionez, talde berak kendu zuen gai zerrendatik. Izan ere, azaldu zuenez, erregistratu zuenean oinarri bat zuen, baina dagoeneko adostu dira mozio horretan aldarrikatzen ziren gai guztiak, eta, beraz, bere ustetan ez zuen zentzurik aurrera jarraitzeak.
Azkenik, talde sozialistak zenbait galdera egin zizkion gobernu taldeari. Lehenbizikoa, edukiontzi-irla batzuetan gertatzen ari den bolumen handiko hondakinen metaketari buruzkoa izan zen. EAJk erantzun zuen informazio-liburuxka bat egin dela kontzientziazio-kanpaina bat egiteko eta hondakin handiak zein diren eta zein egunetan eta non utzi behar diren zehatz-mehatz azaltzeko. Ostiral honetan banatzea aurreikusten da. Era berean, arazo gehien dauden edukiontzien irlan itxitura perimetral bat egiteko aurrekontuak eskatu dira, aparkaleku bat kenduta bolumen handiko hondakinak modu egoki batean uzteko, oinezkoei eta bizilagunei enbarazu egin gabe. Emaitzak aldekoak badira, sistema hori udalerriko beste puntu gatazkatsu batzuetara eramatea aztertuko da. Eskariaren araberako bilketaren aukerari dagokionez, San Markosi kontsulta egin zaio eta posible da, baina horrek bizilagunentzako aparteko kostua ekarriko luke.
Bigarrena, Etxeberriko etxebizitza sozialen esleipen prozesuari buruzkoa. Gobernu-taldeak azaldu zuenez, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda azaroaren 23an argitaratu zen, eta hurrengo fasea esleipen-fasea izango da, baremazio bidez egingo dena. Hala ere, Etxebidek emandako baremazioek zenbait akats zituzten, eta esleipena behar bezala egiteko, errekerimendu bat egin da. Baremazio zuzenak lortzen direnean gauzatuko da esleipena.
Indarkeria matxistari aurre egiteko APP bat garatzeari dagokionez, EAJk adierazi zuen bere garaian garatzeko aukera landu zela, baina arazo asko zeudela horren inguruan. Aplikazioari zegozkion zailtasun teknikoez gain, erantzun egokia eta azkarra bermatu ahal izatekoak gehitzen ziren, udaltzaingoak gauetan eta herritik kanpo zerbitzurik eskaintzen ez duela kontuan hartuta. Haiekin batera, eta Urnietako baliabideak mugatuak direla kontuan hartuta, Eudeli, Euskadiko Udalen Elkarteari kontsulta egin zitzaion, baina adierazi zuen ez zela aukerarik onena, Ertzaintza ere bat zetorren iritzi horrekin. Horregatik, 112ko aplikazioa edo Ertzaintzarena sustatzeko aukera aipatu zen.