Nested Applications
Asset Publisher
2021·04·26
Marina Lameiro zinegile iruindarrak “Dardara” dokumentala filmatu zuen Berri Txarrak taldeak buruturiko “Ikusi Arte Tour” biran. Hainbat kontinentetako jarraitzaileei aurpegia eta sentimenduak jartzen dizkie dokumentalak eta taldearen hausnarketak islatzen ditu. Hori guztia Sarobe arte eszenikoen zentroan ikusi ahal izango da.
- Eguna: maiatzak 2
- Ordua: 19:00
- Lekua: Sarobe
- Hizkuntza: euskara
- Prezioa: 4 euro
Sarrerak Sarobeko bulegoan ere eskuratu daitezke:
- Astelehenetik ostiralera 9:00-13:00 eta 16:00-18:00
Sinopsia: 25 urte taula gainean eman ondoren, eta taldearen unerik gorenean, Berri Txarrak-ek geldialdi mugagabea iragarri zuen, ibilbide oparo bati etena jarriz. Geratu aurretik, baina, azken bira bat egiteko nahia adierazi zuten, mundu osoko zaleak merezi bezala eskertu eta agurtzeko. Bidaia horretan Marina Lameiroren kamera izango zuten bidelagun, birak zaleengan sortutako dardara dokumental batean jasotzeko asmoz. Zinemagileak jarraitzaileon istorioekin irudi koral bat eraikiko du, etxetik hasi eta hainbat herrialdetako zaleen bizitzen txatalak tartekatuz: Mexiko, Japonia, Alemania, Estatu Batuak... denek ere pasio bera partekatuko dute: Berri Txarrak rock taldearen musika.
Hirukoaren kantuek utzitako lorratza ikusi ahal izango dugu pelikulan zehar; taldearen azken urratsen lekuko izanen gara; estilo, hizkuntza eta hainbat belaunaldi ezberdinen langak gainditu eta harago doan fenomeno baten unibertsaltasuna agertuko zaigu pantailan.
Lameirok Gorka Urbizuren letra eta hausnarketen gainean ardaztu du Dardara dokumentala. BTX-en kantuen sortzaile nagusiak idazteke dagoen etorkizun baten bertigoari —dardarari— aurre egin beharko dio orain. Orobat, musikaren indarrari eta pasioari buruzko pelikula ere bada hau —exijitzea zilegi den gutxieneko hori. Izan ere, horixe izan dute iparrorratz hasiera-hasieratik azken bira arte. Pasio horri esker lortu du Berri Txarrak-ek milaka lagunen bizitzaren parte garrantzitsu izatea.