Nested Applications
Albisteak
Back Beñat Lizaso urnietarraren “Zomorroaren kronika bat" erakusketa Bilboko Bizkaia aretoan
2021·01·26
Beñat Lizaso urnietarra gizarteko talde desberdinek pandemia garaian bizi izan dituzten egoerak azaleratzen saiatu da “Zomorroaren kronika bat” erakusketaren bitartez. Berak ateratako argazkiz osaturiko erakusketa Bilboko Bizkaia aretoko (EHU/UPV) Etxepare salan izango da ikusgai urtarrilaren 28tik otsailaren 25era. Epe horretan bisita gidatuak egiteko aukera egongo da Lizaso beraren eskutik. Lehen hitzordua otsailaren 3an izango da, eta bigarrena ostera, otsailaren 17an. Bi txanda izango dira egun horietako bakoitzean, bat 18:00etan, eta bestea, 19:00etan. Gainerakoan, astelehenetik ostiralera 9:00etatik 19:30era izango da erakusketa ikustera joateko aukera.
Azalpena: Koronabirusak hamaika modutara eragin dio gizarteko pertsona orori. Beñat Lizaso Garcia (Urnieta, 1998) bere egunerokotasunean argazkiak ateratzera bultzatu zuen itxialdiak.
Tino Sorianok (National Geographyceko argazkilaria) dio argazkilaritza dokumentala guztiaren gainetik autobiografikoa dela, hau da, argazkilaria informazioaren erdigunean kokatzen da eta ikuslea bere begiradatik gertakaria ikustera bultzatzen du. Horrela, Lizasok bere egunerokotasuna eta ezinegonak ikuslearenak egiten ditu erakusketa honetan.
Gizartea osatzen duten hainbat talde aurkezten ditu egileak, beti ere pandemia garaian, eta talde bakoitza une horretan bizitzen ari dena erakusteko asmoz.
Komunikabideetan hainbestetan aipatu diren talde zaurgarrienetako batekin hasten da: adinekoak. Zahartzaroan gizakiok jasaten dugun bakardadea erakusten digu atal honetan. Donostiako kaleetan, udako egun eguzkitsuetan, Kontxako hondartzako pasealekuan edo Alde Zaharrean denak ez dira familiak, ezta gazteak ere. Gipuzkoako hiriburuko kaleak bakardadean igarotzen dituzten adineko pertsonez beteta daude kaleak. Hori erakusten du Itsasoa ere grisa bihurtu daiteke atalean.
1998an jaiotako horiek atalean, gazteak dira subjektu nagusia. Egileak bere adineko gazteekin antolatutako zita ezberdinetan ateratako argazkiak dira. Pandemiak lan mundura ateratzekotan zirela harrapatu zituen gazte hauetako asko, beste batzuk lanean ari ziren dagoeneko. Hala ere, pandemiak etorkizuneko planak nola edo hala moldatu dizkie. Ikusleak protagonisten ahotsetik entzun ahal izango du zein den euren egoera pertsonala momentu honetan bideo instalazio bati esker.
Lehen sektorearentzako ere ez da garai samurra izan. Berehala debekatu zitzaien gure baserritarrei diru iturri nagusi dituzten merkatuetan haien produktuak saltzea, eta baserrian, saltzen ez dena, alperrik galtzen da. Hala ere, hurrengo uzta prestatzeko lanean jarraitu behar da, edo abereak hazten. Gelditzen ez direnak atalean, Urnietako Gurutzeta baserriko Maite Otaño eta Joseba Lete dira protagonista, Lizasok lan egun oso bat igaro zuen haiekin. Goizean goizetik hasi, Hernaniko plazan jartzen duten postuan, eta arratsaldera arte, lurra lantzeaz bukatzen dutenean.
Familiak ere badu bere lekua lan honetan. Lizasok itxialdiarekin eman zion hasiera lan honi, hortaz, sormenari bidea ireki zion lehenengo gauza familia izan zen. Bere bikoteari gitarra jotzen ari zela ateratako argazki batekin hasi zen dena. Argazki horrekin hasi eta itxialdian pasa zen guztia erakusten digu Etxe barruko arrastatzea sailean. Ama sukaldean, aita lorategian, anaia klasean, bideodeiak, ile-apaindegia etxeko sukaldean… Euskal Herriko etxe gehienetan pasa dena plazaratu du.