Nested Applications
Albisteak
Back Igerileku zerbitzuko langileria areagotuko da
2025·07·07
Urnietako udal igerilekuak bisita ugari izaten ari dira eguraldi ona eta uda hasierako tenperatura altuak direla eta. Denboraldi honetan, ekainaren 14tik 30era, 14.108 asistentzia izan dira kiroldegian, egunean 1.300 pertsona baino gehiagoko kopuruekin. Sarrera horien %80 inguru urnietarrak dira, %14,4 Andoaingoak, %4,6 Lasartekoak eta %0,6 Usurbilgoak.
Erabiltzaile gehienek portaera zuzena izan dute, baina aste hauetan kexa ugari ere izan dira gizalegearen aurkako jokabide onartezinengatik, eta udalak gaitzespen irmoa agertu nahi du horien aurrean. Aldageletan kaka egitera ere iritsi da, eta horrek erakusten du zein puntutara iritsi diren egoera horiek.
Udala lanean ari da igerileku zerbitzua ahalik eta modurik onenean eta baldintzarik egokienetan eskaintzeko. Horrela izango dela bermatzeko, zerbitzu horretan lan egiten duen langileria areagotzeko erabakia hartu da.
Udalak espero du horrelako egoerak berriro ez errepikatzea, eta dei egiten du instalazioak behar bezala erabiltzeko, gizalegez eta gainerako erabiltzaileekiko errespetuz.

