Nested Applications
Albisteak
Back Eskolako Agenda 2030: ikasle ordezkariek esku-hartze planen emaitzak aurkeztu dizkiete udal ordezkariei udal foroan
2024·06·05
Eskolako Agenda 2030 programan parte hartzen duten ikastaldeak buru belarri aritu dira aurtengo esku-hartze planak garatzen. Maiatzaren 16an burututako Eskolen arteko Foroan ondorio guztiak ikasleen artean elkartuta, gaur udal ordezkariei aurkeztu dizkiete emaitzak.
Bi izan dira gauzatutako esku-hartzeak:
1-Herriko puntu ilunen eguneratzea
Esku-hartze hau Lehen Hezkuntzako ikasleek burutu dute. Galdetegi bat herritarren artean zabaldu dute eta behaketa ere egin dute herrian zehar puntu ilunak behatuz.
Galdetegi honen emaitzak ondorengoak izan dira:
- Herritarren gehiengoak (%90) herriko argitasun maila orokorra ondo dagoela deritzo. Baina hauen %74,14k uste du, nahiz eta orokorrean ondo argiztatuta egon, badaudela gune oso ilun batzuk ere herrian.
- %30ak dio farolak zaharkituta daudela eta jendearen beste laurden batek zikinak daudela.
- Sentsore bidezko argien erabilgarritasunaren inguruan galdetuta, %18ak bakarrik uste du hauek ez direla erabilgarriak.
- Nahiz eta batzuk (%20) puntu kritiko bat zer den ez jakin, gehiengoak badaki, edo behintzat horren ingurukoak entzun ditu noizbait. Urnietako puntu ilunen bat aipatzerako garaian, gehien errepikatu direnak, tren geltoki inguruak, haur parkeak eta pumptracka izan dira, galdetegien emaitzetan.
2-Energia kontsumoa etorkizunerantz bideratuz
Bigarren Hezkuntzako ikasleei energia ohituren eta energia fakturak ulertzearen inguruko lanketa egitea aproposa iruditu zitzaien.
Energia kontsumo arduratsua egitea eta argindar, zein gas fakturak ulertzea, zein garrantzitsua den ikasi dute. Lanketa burutzeko, beste galdetegi bat pasa diete herritarrei, beren egunerokotasuneko ohiturak ezagutzeko eta fakturak ondo ulertzerako garaian zein premia dituzten ikusteko. Honen informazioa bilduz eta beraien arteko taldelanean adostutakoen ondorioz, aholkuz eta irizpidez jositako triptiko bat sortu dute.