Nested Applications
Albisteak
Back Hasi dira Lasarterako bidea eraikitzeko lanak, Zabaletako auzoak jasaten duen trafiko handia arinduko duena
2024·11·12
Lasarte-Oriarako bide berria eraikitzeko lanak atzo hasi ziren urriko osoko bilkuran kontratua esleitu ondoren.
Zabaleta auzoak jasaten duen trafiko handia arinduko duen eta Urnietako bizilagunen bizi-kalitatea hobetuko duen azpiegitura berria ahalik eta lasterren eraikitzeko konpromisoa hartu zuen Udalak. Horretarako, hasiera batean obraren kostua bere gain hartuko du eta, ondoren, Babiloniako 32 HIE eremuaren jabetzari jasanaraziko zaio, aurretik sinatutako hitzarmenaren arabera. Obrek sei hilabete iraungo dutela aurreikusten da, eta 1.051.094,97 euroko lizitazio-aurrekontua dute.
Babiloniako garapena
Obra hau Babiloniako garapenaren atarikotzat har daiteke, urbanizazioaren parte izango baita. Ildo horretan, Udala lanean ari da eremuaren garapena azkartzeko, eta, bide horretan, hilabete honetan behin betiko onartuko da Urbanizatzeko Ekintza Plana. Hurrengo urratsa Birpartzelazio Proiektua izango da.
Gogoan izan behar da garapen urbanistiko horrek 340 etxebizitza eraikitzea ahalbidetuko duela, Urnietako gazteek udalerrian beren bizi-proiektua garatzea erraztuz. Aurreikusitako 340 etxebizitzetatik %55 babes ofizialekoak izango dira, %20 tasatuak eta gainerako %25a etxebizitza libreak. Gainera, eremu horretan kokatuko dira Egapeko DBHren eraikin berria eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuko duen adinekoen egoitza bat ere.