Nested Applications
Albisteak
Back Urnietako jai giroak Xoxokara egin du jauzi
2024·10·09
Irailean ekintza kulturalez beteta egoten da Urnieta, besteak beste, hilabete horretan ospatzen direlako herriko jai nagusiak, San mielak.
Dagoeneko urrian sartuta egonagatik, festak eta jai-giroak ez dute etenik herrian. Iragan asteburuan Arrosarioko Ama Birjinaren ohorezko jaiarekin eta Baserritarren egunarekin eman zitzaion segida, eta, orain, landagunera egin da jauzi Goiburu auzoan egiten diren Xoxokako festekin. Ohiko moduan, bertako auzo elkarteak egitarau polita prestatu du eta giro ona eta umorea ez dira faltako aste osoan zehar.
Xoxokako festak urriaren 7an hasi ziren astelehenarekin. Lehenengo egun horretan, Herri kirolez eta bertsoez gozatu ahal zen protagonista entzutetsuen parte hartzearekin. Lehen hitzorduan Julen Gabirondo eta Beñat Telleria lehiatu ziren Xabat Olaizola eta Ugaitz Mugerzarekin. Bigarrengoan bestalde, Amets Arzallus eta Andoni Egaña airtu ziren kantuan. Eguna Xoxokako eskolan egin zen afariarekin amaitu zen.
Bihar, urriaren 10ean festetako hitzordu berezienetako bat izango da, gau sorpresa, alegia. Auzokideek antzerki dibertigarri bat eskainiko dute beste behin.
Ostiralean, Herri kirolak eta Crossfita nahastuko dituen erronka egongo da. Baita, bertso afaria ere Aitor Mendiluze eta Iker Zubeldiarekin. Eta eguna luzatu nahi dutenentzat erromeria Komerik taldearekin eta gaupasa DJ-arekin.
Larunbatean pilatuko dira festetako ekintza gehienak. 11:30ean hamaiketako eta gaztelu puzgarriak egongo dira haurrentzat. 12:30ean berriz, aizkora erakustaldia Unai Etxeberria “Osinalde”, Laiene Pikabea, Igoin Pikabea eta Malen Barrenetxearen parte hartzearekin.
Arratsaldeko lehen hitzordua 15:00etan izango da mus azkarreko txapelketarekin. Goizean bezala puzgarriak izango dira haurrentzat eta Andoni Magoaren “DesOrekatua” ikuskizuna ere ikusgai egongo da. Baita, toka eta karabina txapelketa eta betizu jatea ere. Parranda orduetan aldiz, Bide batez taldea eta DJ Oier Mendizabal.
Igandean, azken egunean, Egape Dantza Taldearen emanaldia, meza nagusia, herri kirol lehiaketa eta sagardo dastaketa egongo dira.
Autobus zerbitzua
Bertaratu nahi dutenentzat doako autobus zerbitzua eskainiko da. Autobus geltokia Elkarteen Etxearen ondoko biribilgunean egongo da.
- Urriak 11: Urnieta - Xoxoka 17:30, 20:00, 1:00
- Urriak 11: Xoxoka - Urnieta 20:30, 1:30, 4:00, 6:00
- Urriak 12: Urnieta - Xoxoka 16:30, 20:00, 1:00
- Urriak 12: Xoxoka - Urnieta 20:30, 1:30, 4:30, 6:30