Nested Applications
Albisteak
Back Urnietako Mendi Tourrak mendiko zinemagintzaren inspirazioa eta akzioa ekarriko ditu Urnietara
2024·09·19
Mendi Tourra, Mendi Film zinemaldiko pelikula onenen zirkuitu ibiltaria, Sarobera iritsiko da irailaren 26an. Saiora bertaratzen direnek mendiko zinemarik onenarekin gozatuko dute beste behin, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiaren iazko edizioan nabarmendu ziren 5 pelikulekin.
Mendia, abentura, muturreko kirolak eta naturako gaiak jorratzen dituzten pelikula zoragarriek osatuko dute aurtengo programazioa. Guztiak dira obra gomendagarriak mendizaleentzat, zinemazaleentzat nahiz publiko zabalarentzat.
Euskal egileen lanak gailenduko dira, bostetik lau pelikula bertako zuzendarienak bait dira, jada euskal egileek mendi zinemagintzaren industrian duten proiekzioaren erakusle.
Urnietako Udalak babestutako eta Zanpatuz Mendi Elkarteak lagundutako ekimena da. Hitzordua 19:00etan izango da eta sarrera librea edukiera bete arte.
CANTO RODADO
6’
Zuzendaria: Ekhi Alde
Hizkuntzak/VO: ES
Azpitituloak: EU/ES
Uraren higadura geldoa da. Ez du zerikusirik maiz ibaiko korrontea bezala amiltzen den gure bizimoduarekin. Gure aitona-amonek bota zituzten errekarriak aldatu egiten dira, oharkabean. Horregatik, beharbada, ibaiaren denborak agorrezina dirudi. Fabiok ibaira hurbildu nahi du, berehalakotasuna saritzen duen gaur egungo kadentziatik urruntzeko.
ZERBAIT ALDATU DA
10’
Zuzendaria: Mikel Sarasola
Hizkuntzak/VO: EU/ES
Azpitituluak: EU/ES
Pirinioak muturreko kayakean aritzeko paradisua bihurtzen dira udaberrian, desnibel handiko ibai txikiak urtzarotik urez betetzen direnean. Eta mendikateko ibai guztien artean, hegoaldeko isurialdean, bat nabarmentzen da: Ara ibaia. Jan Larrue eta Mikel Sarasola batu egin dira ibai hori iturburutik jaisten saiatzeko. Han goian aurkituko dutenak liluratuta utziko ditu, baina jaitsierak hain atseginak ez diren sorpresak ere ekarriko dizkie.
LA GARA
15’
Zuzendaria: Julen Elorza
Hizkuntzak/VO: EN/IT
Azpitituluak: EU/ES
Kima, La Gara, munduko mendi lasterketarik gogorrenetarikoa da. Italiako Alpeetan egiten da, eta nazioartean oso ezaguna ez den arren, nortasun handia dauka. Lasterketa ikoniko horren istorioa da hau, eta bide batez, baita Hillary Gerardi korrikalariarena ere, paisaia liluragarrietan barrena korrika eginez amets bat gauzatu nahian: Kima lasterketako emakumezkoen marka berria ezarri nahi du.
OINEZ
18’
Zuzendaria: Leire Egaña
Hizkuntzak/VO: EU
Azpitituluak: EU/ES
*MENDI FILM BIZKAIA TERNUA BEKA 2023
Hiru txango etxeko parajeetan barrena. Bakoitzean, elkarrizketa bat, egi txiki bat errebelatzen duena. Mendia, pausuz pausu, elkarri egiak aitortzea ere badelako. Finean, oinez, mendizaletasun pausatuaren xendara itzuliz, bidea partekatuz.
CAPTAINS ON EL CAP
54’
Zuzendariak: Brian Mathé & Morgan Mounchaud
Hizkuntzak/VO: FR/EN
Azpitituluak: EU/ES
Seb Berthe-ren ametsa “The Dawn Wall” eskalatzea da, munduko biderik zailena, eta Belgikatik Estatu Batuetara, El Capitán-era, iristeko, ezohiko bidaia egingo du. Sei eskalatzaile, bi marinel eta txakur batek osatutako taldea bildu, eta Atlantikoa belaontzi batean zeharkatuko dute hasteko. Ameriketan, autokarabana mexikar zahar batean jarraituko dute bidea gero, Yosemiteraino. Eta behin hara iritsita, talde osoak lagunduko dio Seb-i The Dawn Wall-eko erronka itzelean.