Nested Applications
Albisteak
Back Mikel Iturria: “Orain lehentasuna ondo errekuperatzea da”
2024·05·07
Mikel Iturria txirrindulari urnietarrak eroriko gogorra jasan zuen apirilaren 21ean Italian, Romagnako Giroan eta orain, izandako lesio larriez errekuperatzen ari da etxean. Tibia, peronea eta C2 bertebra hautsi zituen, eskaiola du belaunetik behera eta lepokoa erabiltzen du ohean izan ezik.
Urnietako Udala Iturriarekin harremanetan jarri da nola aurkitzen den jakiteko, eta psikologikoki etxean egotea “garrantzitsua” dela kontatu digu: “ospitalean oso ondo zainduta zaude baina etxean erosoago egoten da”.
Etxera iritsi bitarteko egunez galdetuta berriz, ondorengoa adierazi du digu: “4-5 egun egin nituen Italiako ospitalean. Gero, anbulantzia batean Iruñara joan nintzen, Nafarroako Unibertsitate Klinikara, eta gero iritsi nintzen etxera. Iruñan egindako frogekin hankeko lesioetatik ez operatzea erabaki zen, ondo geratuko zirela esan zidaten”.
Erorketako unea gogora ekarrita, lasterketa amaitzeko 200-250 metro falta zirela gertatu zela azaldu du: “Sprint-ean ari ginen eta dena oso azkarra izan zen, inork ez zuen espero moto bat geldirik egotea, lasterketako unerik garrantzitsuena delako segurtasuna izateko. Batek motoa jo zuen eta segundu batean lurrean ikusi nintzen, uste dut buruarekin, kaskoarekin jo nuela lurra. Motoak kotxeen desbideratzea saltatu zuen eta helmuga pasatzen badu isuna jartzen diotenez geldirik geratu zen. Hesiekin babesturiko eremuan sartuta ez duzu pentsatzen moto bat egongo dela, buruan sprint-a soilik duzu”.
Errekuperazio prozesu luzea du aurretik Iturriak eta gauzak pazientziarekin hartu behar direla dio, “orain lehentasuna ondo errekuperatzea da”. Lepokoa 3 hilabetez eduki behar omen du eta momentuz ezin du gauza askorik egin: “dena ondo badoa laster eskaiola kenduko didate eta gero bota bat jarri. Orduan hanka mugitzen hasiko naiz pixka bat, eta, gero, behin apoiatzen hasita ikusiko dugu nola dijoan eta pentsatuko dut zer egin”.
Mota honetako egoera gogorrei aurre egiteko lagungarriak izaten dira animo mezuak eta Iturriak babes handia sentitu du zentzu horretan: “egia esan asko eskertzen da”.
Urnietako Udalak ere bere babesa adierazten dio eta errekuperazio prozesu on bat opa dio.