Nested Applications
Albisteak
Back Idoia Esnaola: “lehen aldiz antolatu dute maratoi herrikoi bat Olinpiar Jokoetan eta bertan parte hartzea amets bat izan da niretzat”.
2024·09·06
Atletismoari lotuta dago Idoia Esnaola urnietarraren bizitza eta aurtengo udaran esperientzia ahaztezin bat bizitu du, izan ere, Pariseko Jokoez barrutik gozatzeko aukera izan baitu, 'Marathon pour tous' lasterketan parte hartuta.
Nolako esperientzia izan da?
Ikaragarria. Lehen aldiz antolatu dute maratoi herrikoi bat Olinpiar Jokoetan (Marathon pour tous) eta bertan parte hartzea eta korri egitea amets bat izan da niretzat. Ibilbidean zehar parte hartzaileak begiratzen ginen eta askok negar egiten zuten emozionatuta, sentimendu oso potentea bizitu genuen.
Olinpiadetako maratoiaren ibilbide bera egin zenuten.
Guk gauez egin genuen eta oso polita izan zen. Jende asko zegoen ikusten eta animatzen. Domina bat ere eman ziguten. Antolakuntza bikaina izan zen, ni harrituta geratu nintzen.
Nola lortu zenuen parte hartzea?
Aukera desberdinak zeuden. Bat, Frantziara lasterketa batera joatea eta zozketan sartzea zen. Bestea, puntuak lortzea, baina oso zaila zen, lasterketa asko egin behar ziren. Horretaz gain, aplikazio ofiziala mugikorrean deskargatu eta aurkezten ziren erronkak eginez eskura zitekeen dortsala. Erronka errazak ziren eta gaindituriko pertsonen artean zozketa egiten zen dortsalak banatzeko. Nire bi lagunek erronkekin lortu zuten dortsala, baina niri ez zitzaidan tokatu erronkak egin arren. Beraz, uste nuen ez nuela Parisera joateko aukerarik izango.
Baina beste ate bat ireki zitzaizun.
Otsailean, Eva ahizpak aipatu zidan Bridgestone pneumatiko markak dortsal batzuk emango zituela. Idatzi bat aurkeztu behar zen aukeratua izan ahal izateko. Azaldu behar zenuen zergatik nahi zenuen dortsala.
Zer jarri zenuen zuk?
Nik nire ibilbidea azaldu nien, zenbat maratoi egin ditudan zehaztuz, eta, amaieran, “merezi dudala uste dut” ipini nuen, atletismoan asko lagundu dudalako. Handik bi aste ingurura deitu zidaten, eta, hasieran, uste nuen broma bat zela. Deia benetakoa zela eta Parisera joateko dortsala nuela esan zidatenean loteria tokatu zitzaidala sentitu nuen. 20.000 dortsal inguru banatu ziren eta 700.000 pertsona inguru saiatu ginen lortzen, ez zen erraza.
Esperientzia ahaztezina eta maratoi berezia, baina badituzu beste makina bat ere eginak.
133 maratoi egin ditut. 2019an burutu nuen 100.na 50 urterekin eta oso berezia izan zen hura ere. Etxekoak nituen eta lagun asko etorri ziren nirekin korri egitera. 20 urte behar izan nituen 100 maratoi egiteko.
Eta hori berandu hasi zinela korrika.
28 urterekin hasi nintzen. Gaspar anaia eta Eva ahizpa korrikalari handiak dira, eta beraiek ikusita beti izan nuen gogoa, baina ez nuen pausoa ematen. Ahizpa txikiak animatuta oinez hasi ginen, eta, gero, korrika. Ondoren, bikotekako lasterketa batean parte hartu nuen Gasparrekin Zarautzen. Gero, San Silbestrea egin nuen eta 30 urterekin lehen maratoia.
Leku askotan izan zara maratoiei esker.
Zurich, Atenas, Roma, Portugal, Biarritz, eta Estatuko leku askotan. Atenasekoa berezia izan zen, han izan zelako lehen maratoia eta estadio olinpikoan amaitu zelako. Zurichekoa ere bai, urte berri egunean ospatzen delako eta hasiera kanpaikadekin batera izaten delako. Dena den, niri maratoi txikiak gustatzen zaizkit.
Zergatik?
Beste xarma bat dute. Niri korri egitea gustatzen zait, eta horretaz lasai gozatzea. Adibidez, urtero, Bascones de Ojedara joaten gara, Palentziako probintzia. Oso jende gutxi egoten da eta beti berdinak biltzen gara. Gero, bazkaldu egiten dugu eta harreman polita sortzen da. Gainera, diploma bat ematen dizute paperean. Nik beti esaten dut han lizentziatzen zarela.
Lehen esan duzu atletismoan asko lagundu duzula, izan ere, lehiatzeaz gain, beste hainbat gauza egiten dituzu.
Hernaniko atletismo taldea kudeatzen duen multzoan nago. Gipuzkoako Atletismo Federazioko juntan ere banago, non Ramon Goikoetxea urnietarra den presidente, sekulako lana egiten du. Eta asteburuetan epaile moduan aritzen naiz.
Pasio eta ilusio handiz hitz egiten duzu atletismoari buruz, eta, beraz, suposatzen dugu berari lotuta jarraituko duzula. Baduzu erronkarik buruan?
Kosicera joango naiz urrian, Eslovakiara, izan ere, bertakoa da Europako maratoirik zaharrena eta munduko bigarrena, Maratoi bitxiak bilatzen ditut.